N-121A errepidean mozketak izanen dira urtarrilaren 19, 20 eta 22an

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 19a

Nafarroako Gobernuko Herrilan, Garraio eta Komunikabidetako Departamentuak jakinarazi duenez, urtarrilaren 19tik 22ra berriz ere leherketak izanen dira N-121A errepideko zabaltze eta egokitze lanen barrenean eta horregatik, mozketak izanen dira.

Astelehenean, asteartean eta ortzegunean

Mozketa guziak Nafarroako aldean, Endarlatsa-Bera tartean izanen dira, 67 eta 68 kilometro inguruetan. Asteko lehen mozketa astelehenean, urtarrilaren 19an izanen da eta ordubeteko iraupena izanen du, 12:30etik 13:30era. Asteartean, urtarrilaren 20an, luzeagoa izanen da mozketa, lau ordu ingurukoa eta eguerdiko 12:30etik arratsaldeko 18:30era iraun dezake. Ortzegunean, urtarrilaren 22an ere, Endarlatsa-Bera zatiko 67garren kilometro inguruan, bi orduko mozketa izanen da, 12:30etatik 14:30era.

Txandakako pasabidea

Bertze aldetik, N-121A errepideko zenbait zatitan txandakako bidea emanen da 24 ordutan, egunez seinalisten bidez eta gauez semaforoen bidez. Honela, Endarlatsa-Bera zatian, 69garren kilometro inguruan, Berrizaun inguruan 58garren kilometro inguruan eta Bera-Etxalar zatian, 61 eta 62garren kilometroen inguruan txandaka emanen da bidea.

Horregatik, bidai luzea dutenek A-15 autobidea erabiltzea eta bertzenaz, ordezko bideak aukeratzea aholkatu dute Nafarroako Gobernutik, baita kontuz eta seinaleak errespetatuz ibiltzea. Nafarroako errepideei buruzko informazio eguneratua topatu daiteke www.cfnavarra.es/obraspublicas web orrian edo 900 400 100 doaneko telefono zenbakian.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun