Eguberrietako ospakizuin guziak bukatu eta gero, hilaren 7an hasi ziren merkealdiak eta jendeak lehenbiziko egunetik ekin zion erosketak egiteari. Irache Kontsumitzaileen Elkarteak jakinarazi duenez, nafarren %62ak egun hauetan erosketak egiteko aprobetxatzen du eta banaz bertze pertsonako 150 euro inguru gastatzen dira. Hiru pertsonatik bat, gainera, garai honen esperoan egoten da lehendik pentsatuak zituen erosketak egiteko.
Joera hori ikusita, Irachek kontsumoa neurriz eta arrazoiz egitea aholkatu du. Izan ere, prezioen jautsierak aurrezteko aukera ematen badigu ere, sobera kontsumitzera ere bultzatzen ahal gaitu. Horregatik, eskaintzak ongi aukeratzea eta kalitate eta prezioaren araberako erosketaren irizpideak segitzea gomendatu du.
Aholkuak
Merkealdietan erosketak egiterakoan segitu beharreko bertze zenbait aholku jakinarazi ditu Irache Kontsumitzaileen Elkarteak.
· Ez da komeni presaka eta jende aunitz dagoenean erostea. Hobe da ordu lasaienak aukeratu eta modaz pasatzen ez diren produktuak erostea.
· Merkealdietan ere prezioak konparatzea komeni da.
· Etiketak zuzen daudela ikusi eta faktura eskatu. Erosketa-tiketik gabe, gero nekez egiten ahal da erreklamaziorik.
· Gogoratu behar da kontsumo ondasun guziek legez bi urteko garantia daukatela. Hala dio 2003ko irailaren 11ko garantien legeak.
· Merkealdietan ere txartelekin erosteko aukera izaten da, dendak edo produktuak argi eta garbi kontrakorik adierazten ez badu. Bigarren eskuko ondasunen kasuan, saltzaileek produktu berriek dituzten aukerak eskaini behar dituzte.
· Ordaindu aitzinetik, artikulua alda daitekeela ziurtatu behar da. Artikulua aldatu edo konpondu ezin denean dirua bueltan jasotzeko eskubidea izanen luke erosleak.
· Kontuz arropen neurriekin. Merkealditan neurri guztietako jantziak daudela egoteak ordura arte ez direla ongi saldu adieraz dezake, edo produktua merkealditan saltzeko erosi dutela.