Beste Iruña taldean ari den Maika Ariztegi iturendarrak irabazi zuen urtarrilaren 11n beterano mailako Nafarroako kros txapelketa Castejonen. Maika Ariztegik zazpi aldiz irabazia du Nafarroako txapelketa senior kategorian baina lehen aldiz parte hartu eta estrainekoan lortu du beteranoen mailakoa, 36 urterekin.
4.600 metroko ibilbide zaila egiteko 18 minutu eta 28 segundo behar izan zituen Maikak eta 34 segundoko aldera atera zion bigarren izan zen Ribera Atletico taldeko Mireya Perezi. Zumeatarra taldeko Rosa Mari Luenak osatu zuen podiuma eta iturendarrak baino minutu eta 9 segundo gehiago behar izan zituen.
Taldeka ere Beste Iruña nagusitu zen.Txapelketa berean, gizonezko beteranoei dagokienez, Hiru-Herri taldeko Rafa Maritxalar lesakarra hirugarren izan zen. 20 minutu eta 44 segundoko denbora egin zuen Maritxalarrek.