Barberena eta Arbues garaile Doneztebeko San Silvestre lasterketan

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 16a, 15:41
TTIPI TTAPA

Baztandarrak 13 segundoko aldea atera zion bigarrenari, eta igantziarrak segundo bakarrekoa

Hainbat tokitan bezala, Urtezahar Egunez, Doneztebeko III. San Silvestre lasterketa egin zen. Erreka Elkartearen iragarpen guztiak gainditu zituen lasterketaren hirugarren edizioak eta 124 korrikalari atera ziren.

Mutiletan Alberto Barberena baztandarra izan zen irabazle. 10:59ko denbora behar izan zuen lasterketa akitzeko. Bigarren postuan, Xanti San Miguel doneztebarra gelditu zen. Honek aitzinekoak baino 13 segundo gehiagotan akitu zituen lanak (11:12). Hirugarren, berriz, Patxi Irazoki igantziarra gelditu zen (11:38).

Nesketan lehia estua izan zen, baina azkenean Cristina Arbues igantziarra izan zen garaile. 12:58ko lana egin zuen Igantzin bizi den kataluniarrak. Teresa Jadraque sailkatu zen bigarren, segundo batera eta hirugarren Ana Zelaieta doneztebarra. 13:35eko lana egin zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun