70 pilotariren artean erabaki da Baztango Pilota Txapelketaren XXVII. edizioa

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 16a, 15:38
Baztango txapelketaren edizio honetan parte hartu duten pilotari batzuk ageri dira argazkian. TTIPI TTAPA

Finalak abenduaren 20an jokatu ziren Erratzuko Etxelebert frontoi zaharberrituan

Mende laurdena duela bi urte gainditu zuen Baztango Pilota Txapelketak, azkena 27. edizioa izan baita. Finalak Erratzuko Etxelebert frontoi itxuraberrituan jokatu ziren abenduaren 20an, umeen mailatik hasi eta kadeteen mailara bitarte. Guztira 70 pilotari aritu ziren urritik abendura iraun zuen txapelketan eta hau izan zen finalek utzi zutena.

Umeen B mailan, Oihan Meoki eta Ibai Merino elizondarrek 18 eta 13 irabazi zieten Jon Larretxea lekaroztarrari eta Kaiet Juanena elizondarrari.

Umeen A mailan, Jabier Etxegoien eta Ibon Irazoki elizondarrak nagusitu ziren. 8 tantorekin utzi zituzten Ander Zelaieta eta Elur Meoki herritarrak.

Kimuen mailan, txapela Baztanen gelditu zen. Iker Gamio arizkundarrak eta Sergio Oskotz elizondarrak 18 eta 16 irabazi zieten Enaitz Anso legasarrari eta Iker Espelosin sunbildarrari.
Haurren B mailan, Andoni Espelosin sunbildarra eta Iñaki Azpirotz iruritarra 18 eta 15eko markagailuarekin gailendu ziren. Aitor Almandoz lekaroztarra eta David Albiasu narbartearra izan zituzten aurrez aurre.
Haurren A mailan, garaipena Iturenera joan zen. 18 eta 8, Ugaitz Elizalde eta Arkaitz Untxalo nagusitu ziren Basaburuako Aingeru Etayo eta Ultzamako Peio Iribarrenen kontra.
Kadeteetan, baztandarrentzat izan zen txapela. Iñaki Oskotz almandoztarrak eta Iban Inda amaiurtarrak 18 eta 13 irabazi zieten Ultzamako Julen Iribarren eta Igoako Unai Martikorenari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun