Amaiurko mutilak nagusi Euskal Herriko 4x4 Sokatira Txapelketan

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 16a, 15:37
Ez zaie ez gustura egoteko arrazoirik falta Amaiurko sokatira taldeei. Emaitza onekin akitu baitzuten urte zaharra. TTIPI TTAPA

Amaiurko neskak hirugarren gelditu dira 250 kilokoen kategorian

Bikain borobildu zuen 2008a Amaiurko mutilen sokatira taldeak: Euskal Herriko Lauko Sokatirako txapela jauntzita, alegia. Abenduaren 20an erabaki zen txapelketa Igeldon (Gipuzkoa), bai nesketan eta mutiletan. Emakumezkoetan ere aritu ziren eskualdekoak, eta Amaiurkoak hirugarren sailkatu ziren eta Beti Gaztekoak bortzgarren eta seigarren.

Mutiletan sei talde aurrez aurre

Gizonezkoei dagokionez, sei talde aritu ziren 300 kilokoen finalean, tartean, Amaiurko A eta B taldeak.
Amaiur B eta Berriozar A taldeek mendean hartu zituzten saioan aritu ziren kontrario guztiak, eta azken txandan erabaki zen txapela. Urrezko dominarako lehian, azken txanda erabakigarrian, lehen tiraldia Amaiurrek eraman zuen, 2 minutu eta 48 segunduan. Bigarrengoa ere lehiatua izan zen eta berriro baztandarrek bereganatu zuten tiraldia. Hirugarren posturako leihan puntutan berdinduak gelditu ziren Berriozar B eta Amaiur A, seina punturekin eta kitarakoa jokatu behar izan zuten; Berriozar B gailendu zen.

Honela gelditu zen sailkapena:

1. Amaiur B.
2. Berriozar A.
3. Berriozar B.
4. Amaiur A.
5. Auzolan (Astigarraga).
6. Baiona.

Emakumezkoetan zazpi talde lehian

Emakumezkoen 250 kilokoan zazpi talde aritu ziren lehian, eta lehen jardunaldian bezala, bigarrenean ere, hasiera-hasieratik hartu zuen sailkapeneko burua Gasteizko Badaiotz taldeak. Sei kontrarioak mendean hartu zituen, erraztasun handiz, tartean Amaiur eta Lesakako Beti Gazteko bi taldeak.
Bigarren postuan Oiartzungo Giriziak akautu zuen, Badaiotz izan ezik, gainerako bost aurkariak gaindituta. Amaiurrek osatu zuen podiuma, eta biziki kontent akitu zuten brontzezko domina kolkoratuta.

Honela gelditu zen sailkapena:

1. Badaiotz (Gasteiz).
2. Girizia (Oiartzun).
3. Amaiur.
4. Sakana.
5. Beti Gazte A.
6. Beti Gazte B.
7. Berriozar.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun