Olhain ikastolak eta Gaztetxeak duela 20 bat urte neguan egiten zen bertso saioaren usaia berreskuratu dute afari baten inguruan. Herriko Etxea eta Bertsularien Lagunak elkartearen laguntzarekin ez dituzte nolanahiko bertsolariak ekarriko ilbeltzaren 31n Lur Berrin eginen den saiora. Andoni Egaña Euskal Herriko txapelduna, Amets Arzallus eta Miren Artetxe Lapurdi, Baxe Nafarroa eta Xiberuko txapelduna eta hirugarrena, hurrenez hurren, eta Aitor Mendiluze Gipuzkoako txapelduna arituko dira.
Arantzipiren omenez
Mizel Dargaitz Arantzipi herriko bertsolariaren izena eman diote saioari. 1882an sortu zen, eta 1965ean zendu. Bertso andana bat utzi dizkio gure herriari. Dudarik gabe negu huntan huts egin behar ez den hitzordua izanen da bertso-afari hau. Txartelak Herriko Etxeko Edantegian erosi behar dira edo bertzenaz, erreserbatu telefono hauetako batera deituta: 0662911725 edo 055954275ra. Afariak 20 euro baizik ez ditu balio.