Mixu Urruñako kantariaren heriotzak samin haundia sortu du Senperen ere

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 16a

Dohain haundiko artista zela erakutsi du Mixuk. Bateriajole eta kantaria izan ondoren, Sustraia taldean, bakarlari gisa eta MMX hirukotearekin plazaz plaza ibili zen, Maialen Errotabehere eta Xabaltx

Errugbi taldeko laguntzailea zen kantari ospetsu eta umoretsua

Rockquiem hitza idatzi du euskal prentsan Itxaro Borda idazleak. Heriotza eta rockaren arteko hitz joko hau gustukoa izanen zuen seguraski Patrick Mitxelena urruñarrak, Mixu kantaria zendu berriak. 39 urteko artistaren heriotzak lurrikara sortu du euskal musikaren munduan, baita gure herrian ere. Lagun eta segitzaile ainitz zuen Senperen ere. Ibarrungo azken bestetan kantaldia eskaini zuen Xabaltx eta Maialen Errotabeherekin. Herriko bestetan eta aintziran, Herri Urratsen karietarat, eman dituen kontzertuak ere ez ditu berehala ahantziko Senpereko gazteriak. Garai bat markatu baitu Mixuk. Musika eta besta egiteko moduak berritu zituen Sustraia taldearekin herriz herri ibiltzen hasi zelarik 1992an. Mustafa, Sardina kuzkuz, Pakita eta holakoak kantatzen zituen umore haundiarekin. Dena den, azken urteetan gai sakonak ere landu zituen Amatto kantua moldatu zuelarik konparazione. Oraino gazte gaztea zelarik hil zitzaion mundurat ekarri zuen anderea. Preseski, Mixuren ama zena senpertarra zen sortzez.

Bakarlari lanetan

Duela urte bat, diska bat plazaratu zuen bakarlari gisa eta orduan agertu zen Mixuren egiazko nortasuna. Indar haundikoa zen baina barnean zauriak zituen, zauriak eta maitasun haundia, bereziki orain aitarik gabe gelditu diren bere bi semeentzat. Arrakasta haundia erdietsi du taulen gainean, eta azpian, maiz hautsi baititu eszenatokiak. Halere, beti hurbilekoa izan da lagunen laguna izan baita beti. Argentinan, Bourgeseko festibalean, Parisen eta Europan barna ibili da baina betiko lagunak Euskal Herrian zituen. Azken urteetan, lagun giroa sortu zuen Senperen eta eskukaldi bat emateko beti prest baitzen herriko errugbilariak laguntzea deliberatu zuen. Mixuren heriotzak tristezia haundia sortu du, laguna, artista eta gaztea zelakoz.

Taula gainean agur

Taula gainean pausatu da Baionak eta Castrek jokatu behar zuten errugby partidaren hastapenean kantatu eta. Partida jokatu zen, halere. Beharrik, Mixuk bizia maite baitzuen, bizipoza sumatzen zitzaion. Kantuz eta saltoka gogoratuko dute orain musikazaleek.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun