Eskolaren eraikinaren etorkizunak eztabaida sortu du herrian

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 16a

Urteekin eskolaren egoerak okerrera egin du eta nahiko hondatua dago TTIPI TTAPA

Herritar batzuek eskatuta, urtarrilaren 10ean bilera egin zen udaletxean

Eskolaren eraikinarekin zer gertatuko den erabakitzako eztabaida sortu da azken aldian herrian. Joan den urtarrilaren 10ean horri buruz hitz egiteko bilkura bat egin zen udaletxean eta 27 lagun elkartu ziren zinegotziekin eta idazkariarekin. Bilkura herritar batzuk eskatuta egin zen. Izan ere, duela hilabete inguru, Ttipi-Ttapan, Udalak eskolari buruz egindako proiektu baten berri eman genuen. Eta normala denez, batzuk ez ziren ados agertu horrekin, eta horregatik eskatu zuten bilera.

Ezkurra, Herri Berezia liburuan ageri denez, eskola 1914an eraiki zen. Udaletxeko aktak horrela dio: «eskola egin nahi zen lur eremua Ildefonso Etxeberriarena dela jakinarazi zuen udaletxeko lehendakariak... Lur horren eta Aldapako herri-lurraren artean egindako permutaren bidez eginen da salerosketa».

Ikasle eskasiagatik 1999an itxitakoa

Aipatu liburuan erraten denez, «gaur egun hutsik dago, bigarren solairuko etxebizitza bat izan ezik. Etorkizuna ez da batere atsegina. Herriko gazte gehienak ezkondu eta beste toki batzuetara joaten dira bizitzera, atzerriko familia bat baino ez da kanpotik Ezkurrara etorritakoa. Orain, bada, eraikin hutsari nolako erabilpena eman argitu behar da: liburutegia, joku gela, gastronomia elkartea, bisitari eta mendizaleentzako aterpea? Etxebizitzak egiteko saldu? Eraikina bota eta orubea aparkaleku bihurtu?».

Herritarren bilkura interesgarria izan zen eta hainbat proposamen mahaigaineratu ziren. Hurrengo alditan hemen laburtzen ahaleginduko gara.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun