Agenda 21 lanean

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 16a

Azken pausoak ematera doa Malerrekako Agenda 21. 2007an ekin zion Terra-Prometeako lantaldeak Agenda 21 egitasmoa osatzen duten bi faseetan lehenari: diagnosiari. Diagnosia osatuta, Malerrekaren etorkizunerako garrantzitsuak diren proiektuei forma ematen aritu ziren gero. Orain, bada, garrantzitsuak izan daitezkeen proiektuen zerrenda prest dute Terra-Prometeako teknikariek. 57 ekintza zehaztu dituzte eta lehentasunaren arabera ordenatzen ari dira orain.

Eskualdea antolatu

Malerrekaren antolamendua hobetzeko neurriak hartzea da zerrenda horretako neurri bat, mankomunitate bezala bizkortzea, alegia.

Kulturaren alde

Kultura sustatzea ere garrantzitsua ikusten dute: kultur teknikaria kontratatu, kultur ekitaldiak elkarlanean antolatu, euskararen erabilera indartzeko neurriak hartu...; horrekin batera, parte-hartzea eta elkarlana sustatzearen aldekoak dira (auzolana, web orri bateratua...).

Hirigintza eta industria

Hirigintza alorra planifikatu (etxebizitzen arazoari aterabidea eman) eta industria garatzea heldu diren hirurteetako helburuen artean daude.

Hezkuntza indartu

Hezkuntza eta heziketa alorrean ere hainbat gabezia somatu dira eta hainbat proposamen daude: haurtzaindegia edo haur eskola egin; hezkuntzako eraikinak hobetu; gazteek ikas dezaten motibazioa indartu; etorkinen integrazioaren alde lan egin... Errepideak eta ingurumena Bigarren mailako errepideen egoera ere hobetu nahi da, eta horrez gain, Mugikortasun Plana ere egin nahi da trafikoa arautzeko. Ingurumena zaintzearen aldeko proposamenak ere ageri dira ekintzen zerrendan, kaltegarriak diren inpaktuak kontrolatuz eta biodibertsitatea zainduz. Osasuna eta gizartea Osasun eta gizarte zerbitzuak hobetzeko neurriak hartzea ere lehentasunen artean daude. Horren harira, Gizarte Ongizatearen kontseilua martxan paratzea planteatu da.

Hondakinak nola kudeatu
Hondakinak hobeki kudeatzea eta etxeko konpostajea indartzea ere garrantzitsuak dira, baita saneamendua eta ura kontrolatzea ere.

Turismoa eta merkataritza indartu
Turismoa eta eskualdeko merkataritza eta ostalaritza bizkortu nahi dira.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun