Joan zaizkigu Eguberriak, eta primeran gainera. Abenduan Olentzeroren bisita izan genuen, eta urtarrilaren 5ean, berriz, ilunabar aldera, Hiru Errege Magoak etorri ziren. Eliza atarian eseri ziren, bertan bildutako jende andanaren aurrean, baina txikienek gozatu zuten gehien. Erregeei muxu eman eta hauek ordainean opariak eta goxokiak banatu zizkieten. Lerro hauek probextuz, Guraso Elkarteak eskerrak eman nahi dizkie, Olentzero nahiz Erregeen kabalgata antolatzen lagundu duten guztiei. Eskerrik asko!
Inauteriak asteburuan
Eguberriak joan orduko, hementxe datoz inauteriak. Gure herrian beti, urtarrileko laugarren igandean ospatzen dira, beraz, aurten, asteburu honetan izanen ditugu, urtarrilaren 23, 24 eta 25ean. Ortziraleko eskearekin hasi eta igande gaueko ordu txikiak arte izanen dugu inauteriez gozatzeko aukera, Ttipi-Ttapako gehigarrian ikusiko duzuen bezala, egitarau zabala baitago, haur, gazte, heldu, emakume nahiz gizonezkoentzat!
Izen-emateak
Gazteek etxez etxe egiten duten eskean ibiltzeko izena urtarrilaren 21a baino lehen eman beharko da Itturburu ostatuan, eta igande eguerdian Ulibeltzak Elkartean egiten den bazkarira joan nahi duenak, berriz, txartela urtarrilaren 22tik aitzinera izanen du Itturburu ostatuan. Ongi pasa inauteriak!