Enpleguari buruzko datu txarrak. Halaxe joan zen 2008a. Urtea 847 langaberekin akitu zen eskualdean, azaro hondarrean baino 57 gehiagorekin. Doneztebeko Enplegu Bulegoan hilabete batean %7,22 igo zen langabezia, Nafarroako %9,24ko banaz bertzekoa baino guttixeago. Halere, 2007ko abenduan 598 langabe zeudela kontuan hartuz, urtebetean 249 langabe gehiago zeuden eskualdean.
Enpresen itxierak, Enplegua Erregulatzeko Espedienteak eta bertze arrazoiak tarteko, 2008a txarra izan da enpleguarentzat.
353 kontratu abenduan
Doneztebeko Bulegotik 353 kontratu atera ziren aitzinera abenduan, eta horietatik 45 bakarrik izan ziren mugagabeak.
Gehienak 25 urtetik goitiko emakumezkoak
Adina eta sexuari dagokionez, ia tarte guzietan goiti egin zuen langabeziak. Baina ohikoa denez, 25 urtetik goitiko emakumeak izan ziren gehienak. Abenduan 411 langabe zenbatu ziren, azaroan baino 17 gehiago. Halere, 25 urtetik goitiko gizasemeen artean izan zen igoerarik bortitzena, azaroan baino 40 langabe gehiago baitzeuden abenduan, 336.
25 urtez beheitiko gizonezkoen artean ere goiti egin zuen kopuruak. 68 gizon zeuden lanik gabe, azaroan baino 2 gehiago. 25 urtez beheitiko emakumeen artean, aldiz, beheiti egin zuen langabeziak: 32 langabe ziren, azaroan baino 2 guttiago.
Zerbitzuen arloa kaltetuena
Lan arloei dagokienez ere, denetan goiti egin zuen langabeziak, baina zerbitzuen arloak segitu zuen diferentziarekin langabe gehienekin. Abenduan 484 langabe zituen arlo horrek (azaro hondarrean baino 25 gehiago). Industrian 213 langabe zeuden (azaroan baino 25 gehiago). Eraikuntzan 6 lagunetan goiti egin zuen langabeziak eta 79 langabe zenbatu ziren; nekazaritzan ere goiti egin eta 18ra igo zen kopurua (azaroan baino 1 gehiago).
Aitzinetik lanik topatu ez zutenen artean, berdin segitu zuen langabeziak abenduan, azaroan bezala 53 langabe zenbatu ziren Doneztebeko Enplegu Bulegoan.