Doneztebeko Aparan S.A. enpresako zuzendaritzak langile bat kaleratu izana gogor salatu du LAB sindikatuak. Sindikatuaren arabera, «Aparanek ematen duten arrazoia langile horri ongi formatzeko aukera aunitz eman dizkiola da eta ez dituela aprobetxatu». LABek, ordea, jokaera hori «larritzat» jo du, «enpresaren egoera kontuan hartuz».
2009 osorako EREa aurkeztu du lantegiak
Enpresak abenduaren 16an, 2009 osorako EREa edo Enplegu Erregulazio Espedientea aurkeztu behar zuela iragarri zien langileei, baina LABen hitzetan, legeak onartzen dituen kontsulta eta negoziaziorako 15 egunak «langileak oporretan zeudela izan ziren». Langileen ezezkoarekin, enpresak gibeleratu egin zuen baina urtarrilean berriz aurkeztu du.
Enpresa eta sindikatuen arteko negoziazioak urtarrilaren 22a arte
Orain enpresarekin hitz egiten ari dira, eta urtarrilaren 22an akitzekoa da negoziazio epea. Hain zuzen, negoziatzen ari diren bitartean enpresak langile bat kaleratzeak eragin du LABen kritika. Horrez gain, EREaren inguruan enpresak hartu duen bidea ere kritikatu du sindikatuak.