Batzuk bankutik bankura etxebizitza bat erosteko hipoteka eskuratu ezinik, eta bertze batzuk, esku artean daukaten hipoteka ordaindu ezinik. Etxebizitzen merkatua hondoa jota dabil, batzuk saldu ezinik eta bertzeak erosi ezinik. Nafarroan, erraterako, joan den urteko lehen seihilekoan %38 egin zuten beheiti etxebizitzen salerosketek, bai berrienak eta bai bigarren eskukoenak ere. Gure eskualdean ere nabaritu da beherakada eta euren etxe zaharrak saldu ezinik harrapaturik daudenak ez dira gutti, etxez aldatzeko beharra dutenak baina ezin dutenak, alegia. Etxebizitzak saldu ezin eta gehienek errentan ematea erabaki dute, baina halere, nahiko kontu. Hasierako prezioa jautsi duenik ere bada, baina alferrik. Bide desberdinetara jo dute herritarrek baina ez dute deus ere lortu. Zurrunbilo horretan aurkitu ditugu ondoko protagonistak. Batzuk ez dute etxebizitza saldu edo errentan emateko berehalako premiarik baina bertze batzuentzat, ordea, ezinbertzekoa da lehenbailehen saltzea. Diru hori bertzelako gastuei aitzin egiteko premiazkoa dute.
Bakoitzak ekonomikoki dituen beharrak diferenteak dira, baina denek ere helburu bera dute: etxebizitza saldu, eta ezin bada, errentan eman. Izan ere, etxeen salmenta moteltzen joan den heinean, alokairuaren aukera igo egin da. Inmobiliaria edo etxe agentziak gaizki dabiltza eta eskualdean itxi denik ere bada. Baina jende arruntak ere arazo bera du: etxebizitza ezin saldu.
Narbarten, etxebizitza salgai
Hipoteka ordaintzeko eta bertze bat erostea amets
Maitanek pisu bat du Narbarten, baina berak Donezteben bizi nahi du senarrarekin. Oraingoz, errentan hartutako pisu batean bizi dira Donezteben, eta Donezteben bizitzea hobeki datorkielako Narbartekoa saldu eta Donezteben erosi nahi dute pisua. Bertizaranakoa errentan emana duen arren, Donezteben ordaindu behar duten alokairua Narbartekoarekin jasotzen duena baino altuagoa da. Eta horrela, «dirua galtzen ari gara», dio Maitanek. Gainera, hipoteka bat ere badute ordaintzeko, Narbarteko etxea hartu zutenean eskatu zutena. Luzaroan edukiko omen dute hipoteka gainean: «35 urterako».
Diruaren premiak behartuta, Narbarteko etxeari hasieran ezarritako prezioa –162.000 euro–, jaisteko prest dago Maitane, lehenbailehen saldu nahi duelako. Inmobiliarietara ere jo omen dute, baina «alferrik, ez dira mugitzen».
Lesakan, proiektua salgai
Iruzurraren ondorioz, gastuei aitzin egin ezinik
Susanak salgai duena ez da, ez etxea, ez pisua ere. Etxebizitza baten proiektua dauka saltzeko, lurra eta lizentziekin. Esperientzia txar baten ondorioz, gastuei nola aitzin egin ez dakiela dabilela kontatu digu: «iruzur egin zidaten eta nire diruarekin gelditu ziren. Epaiketa irabazi dut baina iruzurgileak kanpora joan ziren ihesi eta uste dut galdutako diru hori ez zaildala ailegatuko». Behar-beharrezkoa du dirua. Gainera, egoera pertsonala ere aldatu omen zaio, eta ordaintzeko gastu «gehiegi» ditu. Eta tartean hipoteka bat.
Etxe agentziak, aldizkariak, egunkariak... Gisa guztietara ahalegindu da Susana saltzen, baina zaila. «Kurioso aunitz hurbildu zaizkit baina interesa dutenak gutti». Diruaren beharra aitortu arren, ez dago hala honela saltzeko prest. «Galdutako guztia berreskuratu nahi dut eta ez dut salmenta txarra egin nahi». Eta bitartean zer? «Dirua galtzen ari naiz».
Beran, pisua salgai
Probetxurik atera ezin eta saldu nahian
Josefaren familian probetxurik atera ezin dioten pisu bat dute. Orain alokairuan dago, baina euren asmoa saltzea da. Josefaren sendiko bat da pisuaren jabea, baina arrazoi jakin batengatik, ezin du herrian bizi, eta salduz aterako luketen dirua bertzela erabiltzeko errentagarria izan daitekeelakoan daude.
Ttipi-ttapari kontatu diotenez, 2005az geroztik, pisuaren prezioa bere horretan mantendu dute, 210.000 euroren inguruan. Etxe agentzia batera jo zuten pisua zenbatean jar zezaketen jakiteko eta gorabeherarik gabe bere horretan segitzen du. «Inmobiliariak gehiago eskatzen ahal genuela erran zigun, baina egindako balorazioaren arabera ari gara, gehiago eskatu gabe».
Arizkunen, pisua salgai edo errentan
Astez hutsik dagoen pisu bati erabilpena emateko Marian Iruñan bizi da bere senarrarekin. Duela urte batzuk pisu bat erosi zuten Arizkunen, Baztan gustukoa izaki, asteburuetan inguru hauetara etortzeko. Baina ez diote nahi adinako erabilpenik eman. «Asteburu batzuetan baino ez ginen etortzen eta erabili gabe egon beharrean saltzeko edo errentan emateko paratu genuen». Pisua berehala saltzea ez omen da beharrezkoa eurentzat, baina salmentatik edo alokairutik aterako luketen dirua ongi etorriko litzaiekeela aitortu digute.
Legasan pisua errentan emateko
Bertze inbertsio bat egiteko gogoz
Duela urte gutti, pisua erosi zuen G. Agirrek Legasan, bere bikotekidearekin, eta han igaro zituzten lehen bi urteak. Gerora, ordea, familia arrazoiak tarteko, Berara etorri behar izan zuten bizitzera, gurasoen etxera. Hartara, Legasako pisua hutsik gelditu zenez, saltzeko atera zuten, eta salmentatik aterako luketen diru horrekin hemendik kanpo bertze inbertsio bat egitea pentsatu zuten, «bertze gisa batera disfrutatzeko». Baina krisi garai hau ez da saltzeko sasoirik aproposena eta alokairuaren aldeko apustua egin dute berriki. Hori bai, beldurrez. «Ordainduko duten eta nola zainduko duten beldur».
Etxebizitza merkeegi saldu baino, nahiago du ez saldu G. Agirrek. «Duela bi urte tasatzailearekin solastu, eta 168.000 euroren bueltan ezarri zuten prezioa. Gaur egun, ordea, ez dut uste 150.000 inguru baino gehiago inork ordainduko duenik», dio Agirrek. Beraz, lehenbailehen saltzeko premiarik ez duenez, lasai hartu, eta ez du pisuak balio duena baino guttiagoan salduko.
Etxe agentzia batera ere jo zuen hasiera hartan, baina joan den urtean itxi egin zuten agentzia, hau ere krisiaren ondorioz. Orduan erabaki zuen Agirrek saltzeko aukera baztertu eta errentan ematea. Eta halaxe dago geroztik.
Elizondon, pisua errentan emateko
Pisua hutsik, baina gastuak ordaindu behar
Juan Miguelek eta bere emazteak etxea egin zutenean gelditu zen ordura arte euren bizitokia izan zena hutsik. Hasiera hartan, seme-alabetako bat geldituko zela pentsatu zuten, baina ez da horrela izan. Horregatik paratu zuten salgai eta inmobiliaria batera ere jo zuten hasieratik, baina ez dute nahi zutena lortu. Egoerak hala behartuta, errentan emateko aukerari heldu diote orain.
Pisua hutsik egonda ere, guttieneko gastuez gain, eraikinean laster paratuko den igogailuarengatik ere ordaintzea tokatuko zaie, 12.000 euro, hain zuzen. Halere, Elizondon igogailua eskaintzen duten pisuak gutti izanik, plus bat izan litekeela uste dute jabeek.
Pisuaren balioaz ere galdetu diegu, eta duela hiru urte tasatzaileak 162.000 euroko balioa zuela erran omen zien. Baina orain, prezioek beheiti egin dutenez, «baliteke, 144.000 eurora ere jaistea. Dena den, igogailua paratu behar dugunez, ez genuke gehiegi jautsiko».
Leitzan, etxebizitza eta bajera
Aukera berria tokatu eta etxebitza zaharra hutsik
Duela hilabete, etxebizitza eta bajera paratu zituen salgai Marisolek. Tokiko hedabideetara eta herrian kartelak paratuz saiatu da saltzen. Herri erdian, toki hobean, bertze etxebizitza batera joateko aukera eduki zuten Marisol eta familiak eta orain artekoa hutsik gelditu zaie. Bajeraren erosleak badituztela erran digu, baina bere hitzetan, «pisuarekin batera salduta, aukera zabalagoa eskaintzen ari gara erosleari». 192.000 euro inguruan ezarri dute prezioa, baina «negoziatzeko prest» daude.
Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!