Apartamentuen elkartea osatu da Bertizko Partzuergo Turistikoaren baitan

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 16a

Berriz ere udal guziak biltzeko helburua du Partzuergoak

Inguru honetako apartamentu turistikoek Bertizko apartamentu elkartea sortu dute. Ezaguna denez, Partzuergoak eskualdeko udalak nahiz arlo turistikoko enpresak biltzen ditu. Azken hauek, Partzuergoko kideak dira hurrengo elkarteen bitartez: landa etxeak, hotelak, jatetxeak, tabernak, kanpinak, aktibitate enpresak eta artisauak. Apartamentuek ezin zuten Partzuergoko kideak izan, horretarako beharrezkoa zen elkartea osatua ez zegoelako. Urtearen bukaeran, interesa zuten batzuek, beharrezko pausuak eman zituzten elkartea eratzeko, Partzuergoan sartzeko moduan. Bazkide sortzaileak herri desberdinetakoak dira: Saldias, Bera, Elizondo, Etxalar eta Urdazubikoak. Orain, elkarte bat dagoela aprobetxatuz, apartamento gehiago gehitzea espero dute.

8 landetxe gehiago Hiruak Bat elkartean

Bertizko Partzuergoko gainontzeko elkarteei ere, kide berriak gehitu zaizkie 2008 urtean, Hiruak Bat landetxeen elkartea izan da gehien jaso dituena, 8 bazkide berri sartu baitira elkartean. Lehendik hasitako lan ildoetan sakonduz eta bere zerbitzu eta ekimenak hobetzen segitzeko borondatez ekiten dio urte berriari Partzuergoak, egoera ekonomikoak hala eskatzen duen une hauetan, indarrak areagotuz.

Plan Estrategikoa

Berriki, Turismo Departamentuak bultzaten duen Produktu Turistikoen Garapen Planaren barrenean Nafarroako Gobernuak Baztan Bidasoako sektore turistikoarentzat egin duen plan estrategikoa bukatu da. Plan honek proposatzen dituen lan ildoak Partzuergoa garatzen ari denarekin bat dator, iradokizun batzuk gehituz.

Berriz ere udal guztiak biltzeko helburua

Aldi berean, Partzuegoak eskualdeko udal guztiak entitate bakarrean biltzearen alde lan egiten du. Partzuergotik jakinarazi dutenez, “hau helburu saihestezina da bera bezalako elkarte batentzat, bere lana eskualde osoari lotzen delako”.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun