Usategiei buruzko DVDa salgai paratu du Etxalarko Udalak

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 15a

Bertzalde, Telefonicak Etxalarren ADSL paratzeko asmoa duela jakinarazi du

Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuak, Lizarrako Julio Caro Baroja Museoaren bitartez, ondare etnologikoari buruzko bi DVD argitaratu zituen iaz. Horietako batean, Etxalarko usategiei buruzko 32 minutuko erreportaia ikusteko modua dago. Hain zuzen, XIII. mendetik honat ehiza modu tradizionala mantendu da Etxalarren eta horri buruzko xehetasunak ageri dira DVDan.

5 euroan salgai

Guzira 150 ale argitaratu ziren eta ez ziren salgai jarri. Horietako ehun Nafarroako liburutegi publikoetan daude ikusgai eta gainerakoak, Etxalarko Herriko Etxera, inguruko museo etnografikoetara, gisa honetako ikerketak egiten dituzten erakundetara eta Nafarroako Julio Caro Baroja Museo Etnografikoaren laguntzaileei bidali zitzaien. Orain, Etxalarko Udaletxeak DVD honen bigarren edizio bat argitaratu du eta 5 euroan salgai jarri du. Nahi duenak eskura dezake Etxalarko Herriko Etxean eta Kultur Etxean.

Telefonicaren ADSLa

Telefonica enpresatik jakinarazi dutenez, abudo Etxalarko bizilagunen eskura paratuko dute ADSL banda zabala. Zerbitzu honetan interesa duenak 900 702 022 doaneko telefono zenbakira deitzen ahal du goizeko 9:30etik 14:00etara eta Noemiz galdetu.

Igerilekuetako sorosle ikastaroa

Bertze aldetik, azkeneko udatan igerilekuetako sorosle edo sokorristak lortzeko izan diren arazoak kontuan hartuta, igerilekuetako sorosle izateko ikastaroa eskaini nahi du Etxalarko Udalak. Izen ematea Etxalarko Herriko Etxean egin behar da. Taldea aterako balitz ikastaroa zonaldeko igerilekuren batean eginen litzateke eta bertzela Irun edo Hondarribian. Apuntatzeko epea otsailaren 6an bukatuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun