Larunbatean, ilbeltzaren 17an, San Anton eguna ospatuko da, nekazari eta abeltzainen zaindaria. Gure eskualdeko hainbat herri eta auzoetan egun handia izan da betidanik San Anton eguna, baina azkeneko urteetan, Elizondo, Lesaka eta Zubietan egiten dituzte ospakizunik handienak.
Elizondon errifa
Elizondon, San Jose Zahar Etxearen aldeko errifa eginen dute larunbatean, aspaldiko ohiturari eutsiz. Zozketa horretarako zenbakiak dagoeneko salgai daude Baztanen, baina San Anton egun berean, herriko albinteak ere ibiliko dira plazan txartelak saltzen. Balleko Etxetik jakinaraziko dira saria lortu duten zenbakiak. Lau sari izanen dira, aretxea, zerria, bi bildots eta urdaiazpikoa. Goiz osoan animazio handia espero da Elizondon. Bertsolariak ere ariko dira Balleko Etxeko balkoitik kantari.
Endara auzoan mezak larunbatean eta mezak eta erromeria igandean
Lesakan, Endara auzoko San Anton ermitan meza emanen da larunbatean, 10:30ean eta 12etan, baina egun handia igandea, ilbeltzaren 18a izanen da. Egun horretan, Lesakatik ez ezik, Bortzirietatik eta Gipuzkoa aldetik ere hainbat lagun biltzen dira, garai batean egiten ziren azienda salerosketak gogoratuz. Gaurko egunean, erroskillak eta taloak erosteko, dantzatzeko eta lagunartean trago bat hartzeko aprobetxatzen dute eguna. Oinez etorritako mendizaleak, txirrindulazaleak, zaldunak eta, batez ere, autoan etorritako hainbat lagun biltzen dira San Antonen. Goizeko 10etan hasita, orduro mezak izanen dira baselizan. Lesakatik, goizeko 8etan abiatuta, mendi ateraldia antolatu du Beti Gazte elkarteak. Arratsaldean, behin herrira bueltatutakoan, Egan taldearekin dantzaldia izanen da plazan, arratsaldeko 18:30ak aldera, Kultur Batzordeak antolatua.
Zubietan ere egun berezia larunbatekoa
Zubietan, larunbatean ospatuko dute eguna, San Anton ermitaren inguruan eta egitarau zabala prestatu dute. Duela gutti arte egoera kaxkarrean zegoen baseliza, baina zubitar batzuk auzolanean berritu zuten. Larunbat goizeko 11etan meza izanen dute eta Zubietatik ez ezik, Aurtiz eta Iturendik ere hurbiltzen da jendea. San Antonen sinismena dutenek, oraindik ere bere aziendekin joaten dira eta hiru itzuli ematen dituzte ermitaren inguruan, santuaren babesa eskatzeko. Eguerdiko 12etan, Ander Erasun eta Kañamaresek aizkora apostua jokatuko dute eta segidan ahare apostua ere izanen da. 14:00etan bazkaria izanen dute kantu zahar eta trikitilariekin. San Anton eguna borobiltzeko, Zubietan dantzaldia izanen dute Joxe Angel akordeolariarekin.
Emakumeen bazkaria Erratzun
Erratzuko emakumeek ere, San Anton eguna aprobetxatuko dute, urtero bezala Kastonean bazkaltzeko.