«Hurbildu IKTetar@» ikastaroetan aurrez izen emateko epea urtarrilaren 31n itxiko da

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 14a

Horretarako 012 telefonora jo behar da

"Hurbildu IKTetar@" programa Nafarroako Gobernuak hainbat elkarteren lankidetzarekin sustatu eta finantzatzen duen ekimena da. Mendialdean, Cederna Garalur Elkarteak hartu bere gain jarduerak programatzea eta garatzea. "Hurbildu IKTetar@" programa bereziki edozein adineko emakumeei eta 55 urtetik gorako pertsonei dago zuzendua, eta programaren helburua da kolektibo horiei Teknologia Berrien erabilpena hurbiltzea hainbat prestakuntza-ekintzaren bitartez: Ordenagailua, Internet eta posta elektronikoa lantzeko 25 orduko hastapenikastaroak, 10 orduko Prestakuntza-tailerrak, hastapen-ikastaroetako edukiak osatzeko edo zabaltzeko. Hamabost modulu edo tailer daude, ordenagailuko aplikazio zehatzetara (Microsoft Word, argazkigintza digitala),edo Interneteko guneetara egokituak. Moduluak gaika daude sailkatuta: berriak, mapak eta kale-izendegiak bilatzea, administrazio elektronikoa, eta abar.

Doaneko ikastaroak

Hastapen-ikastaroak eta tailerrak dohainik dira, eta materiala Cederna Garalur Elkarteak banatzen du: ikastaroetako gidaliburuak, hastapen-ikastaroen edukiak jasotzen dituen CD-ROMa, eta libretak. Argibide gehiago eskura daiteke Nafarroako Gobernuaren web orrian sartuta.

Aldaketak ikasturte honetan

2009. ikasturteari begira zenbait aldaketa izanen dira. Aurten, Nafarroako Gobernuak hastapen-ikastaroei emanen die lehentasuna, sakontze-ikastaroen aurretik. Horrez gain, aurretik ikastaroak eman ez diren beste udalerri batzuetara zabaldu nahi da prestakuntza, eta, beraz, lehendik ikastaroak izan dituzten beste udalerriekiko lehentasuna izanen dute. Modu berean, aurten lehentasuna izanen dute aurreko urteetan prestakuntza jaso ez duten ikasleek. Aurten, aldez aitzinetik izena eman dutenen kopurua 10era zabaldu nahi da, ikastaroa hasteko beharrezkoa den 8 pertsonako kopurua errazago lortze aldera. Azkenik, Nafarroako Gobernuak banda zabalaren bitartez Internet sarera lotzeko zailtasunak dituzten udalerri txikien eskaerei erantzun nahi die, nahiz eta gutxieneko 8 laguneko kopuru hori betetzen zaila izan. Nafarroako Gobernua halakoetan ikastaro-eskaerei nola erantzun aztertzen ari da; hala ere, ontzat jo daiteke 6 laguneko taldeentzako ikastaroak edo tailerrak antolatzea.

Aurrez izen ematea 012an

Ikasturte honetako izen emateari dagokionez, aitzineko urteetan ez bezala, ikastaroetarako aldez aurretiko izen-ematea Nafarroako Gobernuak berak kudeatuko du zuzenean. Horretarako, 012 telefonoa erabili behar dute parte hartu nahi duten guziek, urtarril bukaera baino lehen. Une horretatik aitzin, Nafarroako Gobernuak jasotako eskaerak aztertuko ditu, eta udalerrietako behin betiko egutegia prestatuko du programan parte hartzen duten erakundeekin batera.

Argibide gehiago

· Cederna Garalur Elkartea:
Lorea Jamar. 639 900 318. ljamar@cederna.es

· Nafarroako Gobernua Informazioaren Gizartea sustatzeko Zerbitzua. Alberto Alonso: 848 42 30 67

· Internet:
http://www.cfnavarra.es/observatorioSi/Acciones_II_plan_SI/Acercate_TIC/acercate _a_las_TIC.htm

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun