Malerrekako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak antolatuta, inmigrazioari buruzko ipuin lehiaketa egin zen joan den urte akaberan. Hasiera batean, ipuin lehiaketarekin batera, elkarrizketa eta argazkigintza lehiaketak ere antolatuak zituen Mankomunitateak, baina azken biak ez ziren aitzinera atera, lanik aurkeztu ez zelakoz. Ipuin lehiaketari dagokionez, 50 bat lan aurkeztu zituzten Sunbilla, Ituren, Legasa, Beintza-Labaien eta Narbarteko eskoletako 6 eta 12 urte arteko neska-mutikoek. Sariak abenduaren 20an banatu ziren Iturenen.
6-9 urtekoetan sariak
6tik 9 urtera bitartekoetan, lehen hiru partaideek jolas bana eskuratu zuten. Narbarteko eskolako Maddalen Oteizak aipamen berezia jaso zuen lehenengo mailan ipuina aurkeztu zuen bakarra izateagatik. Txinako bi neska izeneko lana egin zuen narbartearrak. Bere eskolako Alazne Aizpuruk ere jolasa eraman zuen etxera Mulanen bidaia ipuinarekin, eta Iturengo eskolako Mikele Etxekolonea zubietarrak jaso zuen 6-9 adin tarteko hirugarren jolasa, Lagun berria lanarekin. Hurrengo hiru aukeratuek ipuina jaso zuten. Narbarteko eskolako ikaslea den Fatima El Haourentzat izan zen horietako bat, Basma haserre dago lanarengatik; Beintza-Labaiengo Jabier Otxandorenak jaso zuen bertze ipuina, Lin eta euskara ipuina idazteagatik; eta azkena Haritz Bereau sunbildarrak eskuratu zuen, Tiburtzio eta Juan Europan lanarekin.
9-12 urtekoetan sariak
9-12 urtekoetan ere, lehen hiru sailkatuek jolas bana lortu zuten. Horietako bat Duba Saadi zubietarrarentzat izan zen. Bidaiaren itzulera ipuinarekin aipamen berezia eskuratu zuen. Horrez gain, Narbarteko eskolako Belen Encinasek ere jolasa etxeratu zuen, Mariaren eta Samuelen bidaia lanarekin, eta Legasako Olatz Subizarrek bertze jolasa lortu zuen, Bi txakur Euskal Herrian idazteagatik. Ipuinen irabazleak, berriz, Iturengo eskolakoak izan ziren: Lehena Jabier Sein iturendarrak jaso zuen Euskal Herrira etorri zen familia ipuinarekin. Dora eta Balber ipuinarekin Zubietako Maritxu Sanchezek jaso zuen bertze ipuina eta Bidaia zoriontsua lanarekin Aurtizko Irati Mindegiak hirugarren ipuina.