Urrizak eta San Miguelek irabazi zuten erremonteko binakako txapelketa

TTIPI TTAPA 2009ko urt. 12a, 13:45

Urtarrilaren 10eko finalean 38-40 irabazi zieten Ezkurra eta Gazteluri

Erremontean, Agoitz Teilatuak binakako txapelketako bikote gazteenak jantzi zuen larunbatean txapela, Ezkurra eta Gazteluren aurka gorriak eta bi ikusi ondoren. Azken txanpan, baina, hobeki aritu ziren Urriza eta San Miguel, aurrelaria bereziki, eta ordura arte Ezkurrak egindako lan bikaina ezerezean utzi zuten. 32 eta 37 galtzen ari ziren gazteak eta azkenean 40 eta 38 irabazi zuten. Bientzat binakako bigarren txapela da, erremontean belaunaldi aldaketa urte bakar bateko kontuaz haratago doan seinale.

Markagailuari buelta

Urrizak eta San Miguelek Ezkurra saihestea zuten helburu hasieratik, eta ez zuten lortu. Doneztebekoak partida bikaina jokatu zuen, ohikoa baino atzerago kokatuz Gaztelu ito zezaten eragotzi zuen. Hogei tanto egin zituen jokoan, eta bederatzi huts ere, horiek, baina, defentsa lanean ahal zuen baino gehiago egiten saiatu zelako izan ziren. 19-15, 24-21, 34-29 eta 37-32 irabazten izan ziren Doneztebeko aurrelari beteranoa eta Leitzako atzelaria, baina azkenean 38 eta 40 galdu zuten.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun