Maika Ariztegi iturendarrak Nafarroako kros txapelketa irabazi du beteranoetan

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 12a

Rafa Maritxalar lesakarra hirugarren izan zen gizonezkoen artean

Beste Iruña taldean ari den Maika Ariztegi iturendarrak irabazi zuen igandean beterano mailako Nafarroako kross txapelketa Kastejonen. Maika Ariztegik zazpi aldiz irabazia du Nafarroako txapelketa senior kategorian baina lehen aldiz parte hartu eta estrainekoan lortu du beterano mailakoa, 36 urterekin. 4.600 metroko ibilbide zaila egiteko 18 minutu eta 28 segundu behar izan zituen Maikak eta 34 segunduko aldera atera zion bigarren izan zen Ribera Atletico taldeko Mireya Perezi. Zumeatarra taldeko Rosa Mari Luenak osatu zuen podiuma eta iturendarrak baino minutu eta 9 segundu gehiago behar izan zituen. Taldeka ere Beste Iruña nagusitu zen.

Rafa maritxalar hirugarren

Gizonezko beteranoei dagokienez, Hiru-Herri taldeko Rafa Maritxalar lesakarra hirugarren izan zen, lasterketaren zama gehiena berak eraman eta gero. Ribera Atletico taldeko Fran Cabrera nagusitu zen. 6.450 metroko ibilbidea 20 minutu eta 7 segunduan egin zuen. Bigarren postua Hiru Herri taldeko Gabriel Garinek eskuratu zuen, 20 minutu eta 21 segunduko denborarekin eta, arestian aipatu bezala, Rafa Maritxalarrek osatu zuen podiuma, 20 minutu eta 44 segunduko denborarekin.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun