2008 urtea 847 langabeturekin bukatu da eskualdean, azaro hondarrean baino 57 gehiago. Horren arabera, Doneztebeko Enplegu Bulegoan hilabete batean %7,22 igo da langabezia, Nafarroako %9,24ko banaz bertzekoa baino guttixeago. Halere, 2007ko abenduan 598 langabetu zeudela kontuan hartuz, urtebetean 249 langabetu gehiago daude eskualdean.
Doneztebeko Enplegu Bulegoaren bitartez 353 kontratu gauzatu ziren abenduan, eta horietatik 45 bertzerik ez ziren mugagabeak izan.
Adin eta sexuaren arabera
Adina eta sexuari dagokionez, ia tarte guzietan goiti egin du langabeziak. Ohikoa denez, 25 urtetik goitiko emakumeak dira langabezia gehien jasaten dutenak eta abenduan 411 langabetu daude, azaroan baino 17 gehiago. Halere, 25 urtetik goitiko gizasemeen artean izan da igoerarik bortitzena, azaroan baino 40 langabetu gehiago baitaude abenduan, 336. 25 urtez beheitiko gizasemeen artean ere zertxobait goiti egin du langabetu kopuruak. 68 gizon baitaude lanik gabe, azaroan baino 2 gehiago. 25 urtez beheitiko emakumeen artean aldiz, zertxobait beheiti egin du langabeziak, adin horretako 32 emakume baitaude lanik gabe, azaroan baino 2 guttiago.
Lan arloka
Lan arloei dagokienez ere, denetan goiti egin du langabeziak, baina zerbitzuen arloak segitzen du diferentziarekin langabetu gehien. Gaur egun 484 langabetu ditu arlo horrek, azaro hondarrean baino 25 gehiago. Industrian 213 langabetu daude, azaroan baino 25 gehiago hemen ere. Eraikuntzan 6 lagunetan goiti egin du langabeziak eta 79 langabetu daude; nekazaritzan ere zertxobait goiti egin du langabetu kopuruak, 18 baitira langabetuak, azaroan baino 1 gehiago. Aitzinetik lanik topatu ez dutenen artean, berdin segitu du langabeziak abenduan, azaroan bezala 53 langabetu baitaude eskualdean.
2008ko bilakaera
Joan den urteko datuei erreparatuz, arestian aipatu dugun bezala, 2007ko abenduan 598 langabetu zeuden; 2008ko urtarrilean 716; otsailean 690; martxoan 630; apirilean 623; maiatzean 591; ekainean 582; uztailean 595; abuztuan, 563; irailean 591; urrian 670; azaroan 790 eta abenduan 847.