Eguberrietako ospakizuin guziak bukatu eta gero, urtarrilaren 7an hasi dira merkeladiak. Irache kontsumitzaile elkarteak jakinarazi duenez, nafarren %62ak egun hauetan erosketak egiteko aprobetxatzen du eta banaz bertze pertsonako 150 euro inguru gastatzen dira. Hiru pertsonatik batek, gainera, garai honen esperoan egoten da lehendik pentsatuak zituen erosketak egiteko.
Guttienez astebete, gehienez bi hilabete
Merkealdi garaiak guttienez astebete eta gehienez bi hilabete iraunen du. Irache kontsumitzaile elkarteak kontsumoa neurriz eta arrazoiz egitea aholkatu du. Izan ere, prezioen jautsierak aurrezteko aukera ematen badigu ere, sobera kontsumitzera ere bultzatzen ahal gaitu. Horregatik, eskaintzak ongi aukeratzea eta kalitate eta prezioaren araberako erosketa irizpideak segitzea gomendatzen du. Kontuan hartu behar da merkealdietan produktuen kalitatea jausten dela, baina ez produktuen kalitatea.
Segitu beharreko aholkuak
Merkealdietan erosketak egiterakoan segitu beharreko bertze zenbait aholku ere jakinarazi dio Irache Kontsumitzaile Elkarteak. Honela, ez da komeni presaka eta jende aunitz dagoenean erostea. Hobe da ordu lasaienak aukeratu eta modaz pasatzen ez diren produktuak erostea. Merkealdietan ere prezioak konparatzea komeni da, etiketak zuzen daudela ikusi eta faktura eskatu. Erosketa-tiketik gabe gero nekez egiten ahal da erreklamaziorik. Gogoratu behar da kontsumo ondasun guziek legez bi urteko garantia daukatela eta merkealdietan ere txartelekin erosteko aukera izaten dela, dendak edo produktuak kontrakorik adierazten ez badu.