Ezbehar larria gertatu zen abenduaren 13-14an Ekaitzan. Larunbatarekin 36 eta 68 urteko bi mendizale iruindar galdu egin ziren eguraldi kaskarrarekin orientazioa galduta. Nafarroako Larrialdien Agentziak egun bereko arratsaldean jarri zuen martxan bi mendizaleak aurkitzeko salbamendu plana, eta igande eguerdian aurkitu zuten gaztea, Goizuetako Elama errekaren inguruan, zauriturik. Bigarren mendizalea, ordea, hilik aurkitu zuten igande arratsaldean. Biharamun goizean erreskatatu zuten gorpua. Mediku-forentseak baieztatu zuenez, iruindarra hipotermiarekin hil zen, eta ez buruan hartutako kolpearekin, hasieran uste bezala. Aipatzekoa da, Goizuetako suhiltzaile bolondresen lana garrantzitsua izan zela erreskatean, eurek aurkitu baitzuten hilotza.
Aholkuak
Mendian sor daitekeen arriskua saihesteko, Nafarroako Gobernuak zenbait aholku eman ditu mendira atera aitzinetik kontuan hartzeko:
-Irteera norbere prestakuntza fisikoaren eta mendiaren ezagutzaren arabera aukeratu eta mapa, liburu eta gidak erabili.
-Ibilbideari eta eguraldiari buruzko informazioa bildu, eta eguraldia kaxkartuz gero, inguruan aterperik ote dagoen jakin.
-Ibilbidearen araberako materiala eta arropa eraman. Sakelekoa, janari energetikoak eta ura ere bai.
-Ibilbidearen berri eman ezagunei eta ez bakarrik joan.
-Udan ibiltzeko errazak diruditen tokiak neguan arriskutsuagoak izan daitezke.
-Mendian dauden arriskuei buruzko seinalizazioekin adi egon.
-Bat-bateko eguraldi aldaketak, ekaitza edo lainoa ohikoak izan daitezkeela pentsatu.
-Maiz edan eta jan eta tarteka atseden hartu.
-Istripua izan edo galduz gero, larrialdietako 112 telefonora deitu eta ez mugitu tokitik.