Sarritan entzuten ari gara, egunero erranen nuke, hedabideetan, kalean, irrati-telebistetan... krisian gaudela eta gerrikoa estutu behar dugula! Hori entzuten dudan bakoitzean nire barnean odol bero bat bor-borka jartzen zait eta nire buruari galdera hauek egiten dizkiot; nor dago krisian? Urtarril eta ekaina bitartean, 112 milioi euro irabazi dituan Nafarroako Kutxa krisian al dago? Edota urtearen lehenengo sei hilabetetan 24,1 milioi euro irabazi zituen Condesa taldea? Edo 67,9 milioi irabazi dituen Cementos Portland da krisian dagoena? Gero eta gehiago sinesten dut beti bezala langileak garela krisia pairatzen dugunak, kapitalismoak bere ekonomia berregituratzen duen bitartean.
Euskal Herrian gauzak ez daude hobeto, nahiz eta alderdi erregionalistek (EAJ-PNV eta UPN) behin eta berriz erran gure ekonomia sendo dagoela eta bertze tokietan baino hobeki gaindituko dugula egoera hau. Baina errealitatea hagitz ezberdina da, interes elektoralengatik saltzen digutenak eta egunerokotasunean langileok bizitzen dugunak ez dute zerikusirik, bi errealitate balira bezala, nahiz eta gobernuaren hitzak errealitatetik hagitz urrun egon.
Gure eskualdean ere gauzak ez daude askoz hobeto eta zoritxarrez egoera okerrera doala erran daiteke. Egoeraren lehenengo zantzua Zalainen aurkitu genuen. Pasa den uztailaren 28an (langileak oporrak hartzeko prest zeudenean) kaleratze batzuk planteatu zituen (zehazki 119), egoera txarra eta galerak argudiatuz. Irail hasieran hedabide batzuetan honako datu hau agertu zen, ordea; Condesa taldeak 24,1 milioi euro irabaziak zituen. Hau horrela, eta langileek planto egin ondoren, dena bertan behera gelditu zen. Hurrengo saiakera Lesakako Arcelorrena izan zen, lan egunen eta oporren malgutasun bat planteatuz. Hemen komitearen ezetza zela-eta plana bertan behera gelditu zen. Gertakaririk larriena Funveran gertaturikoa izan da. Enpresak Erregulazio Espediente bat aurkeztu zuen salmenten jaitsiera argudiatuz. Espediente horrek 188 langileei eragiten zien zuzenki langile kopuru hori langabeziara joanen bailitzateke. Kontuan hartu behar dugu Funverak izugarrizko irabaziak izan dituela azken urteetan, 2008an barne. Egoera honen aurrean, ELAko sekzio sindikalak proposamenari muzin egin eta enpresak aurkezten zuena onartu du aho batez, lantegiko langileak salduz eta engainatuz, langileei xantaia egin baitzien bere proposamena edo bertze aukerarik ez zegoela erranez. Benetan lotsagarria! Bertze lantegi batzuetan ere aurkeztu dituzte espedienteak, hala nola, Hidrorubber, Composites Gurea, Irigoien Zerrategia eta Doneztebeko Aparanen. Denak irabaziak dituzten enpresak dira, baina irabazi tasa jaitsi denez, langileen soldaten kontura mantendu nahi dituzte irabaziak. Benetan lotsagarria enpresaren jokaera eta sindikatu batzuen jokaera egoera eta argudio hauek onartuz.
Bada garaia langileak elkartu eta crack egiten ari den sistema hau aldatzeko, elkarlan bat egiteko. Garaia da dauzkagun ezberdintasunak alde batera utzita alternatiba bat eskaintzeko, gizarte eredua aldatuz amildegiaren bazterrean dagoen sistema honi azkeneko bultzada eman eta behin betirako eror dadin. Denon lana da, lan handia baina beharrezkoa, deus ere ez dugulako galtzeko eta aunitz irabazteko! Borroka garaia da.
Koldo Saenz - LAB sindikatua