Nafarroako Gobernuak partzialki desblokeatu berri du ekainaz geroztik blokeatua zuen euskara hedabideetan sustatzeko diru-poltsa. Xede horretarako gordeta zituen 310.000 eurotatik, 240.000 banatuko ditu zehazki.
Nafarroan euskaraz dihardugun hedabideok, neurriak zuzenean eragiten digun heinean, ondoko hau adierazi nahi diogu Nafarroako Gobernuari eta gizarteari, oro har:
•Lehenengo eta behin, aitortu eta eskertu nahi dugu Hezkuntza Sailak eta Euskarabideak egin duten ahalegina, partzialki bada ere, poltsa desblokeatzea ekarri duena, eta Xabier Azanzak zein Hezkuntza Sailburu Carlos Perez-Nievasek azken asteotan gurekin biltzeko eta gure egoeraren berri jasotzeko azaldu duten prestutasuna.
•Ahalegin hori eskertuta eta aitortuta ere, argi eta garbi utzi nahi dugu aurrekontuan gordeta zegoen kopurua, eta, zer esanik ez, azkenean banatuko dena, nahikoa izatetik oso urrun dagoela. Ideia bat egiteko, 240.000 euroko poltsa horretatik, %65 ( 156.000 euro ) izango da euskara hutsezko hedabideentzako, hau da, euskaraz dihardugun hedabideon aurrekontu globalaren % 7,6 baino ez.
•Era berean, argi adierazi behar dugu aurten dirulaguntzekin gertatu dena erabat onartezina dela, eta ezin dela errepikatu: urte hasieran diru-kopuru bat iragarri, hil batzuk geroago kopuru hori zerora murriztu, azkenean iragarritakoaren %77 banatzeko. Euskarazko hedabideon sektorean 30 medio ari gara (11 aldizkari, 6 irrati, 2 telebista eta 11 agerkari digital), 56 profesional guztira, Iruñerri eta Iruñerriatik iparraldeko nafarrei zerbitzua emateko. Haietako batek ere merezi ez duen errespetu falta handia da haien guztien egunerokotasuna kolokan jartzea, jarri izan den moduan.
•Euskararen Legeak euskara sustatzeko agindu argia ematen dio Gobernuari. Hedabideon kasuan, sustapen hori laguntza egonkor eta nahikoen bidez gauzatu behar da, gure jarduera lasaitasun eta duintasun baldintza minimoetan garatu ahal izateko. Gogoratu beharra dago euskarazko aldizkari, irrati eta telebistok, txikiak izanik ere, ekarpen handia egiten diegula bai euskararen normalizazioari, inguruko berriak euskara hutsez landuz herritarrei informazioa euskaraz jasotzeko ohitura sortzen dugulako, eta bai gure inguruan bizi direnei ere, hedabide handiagoetan nekez agertzen diren berriak hurbiltasunez jasotzeko aukera ematen diegulako.
•Aurreko hori guztia, gure ustez, epe ertain-luzeko hitzarmen baten bidez baino ezin da lortu. Hitzarmen horrek argi jaso beharko luke zein den euskarazko hedabideon zeregina, zeregin hori duintasunez betetzeko zer behar duten, behar horietan zenbateko laguntza eman behar duen Gobernuak, eta laguntza hori jasotzeko nolako baldintzak bete behar ditugun hedabideok.
•Zentzu horretan, idatzi hau sinatu dugun hedabideok erabateko prestutasuna adierazi nahi diogu Gobernuari mahai baten inguruan eseri eta hitzarmen horren xehetasunen inguruan hitz egiten hasteko. Gure ustez, elkarlanean aritzea da ataka honetatik atera eta alde biotarako onargarria ez ezik onuragarria ere izan daitekeen akordio batera iristeko bide bakarra.
Ttipi-Ttapa, Xuka, Guaixe, Nabarreria, Kotarro, Karrika, Xapo, Marmari, Mailope, Zorroka eta Pulunpe aldizkariak, Xorroxin, Beleixe, Karrape eta Esan-erran irratiak, eta Ttipi-Ttapa eta Xaloa telebistak, Topagunea, Euskara Elkarteen Federazioa.