«Artzaintza tradizionala eta modernoa nahasiz hortik bizi daitekeela ikusi dut»

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 8a

TTIPI TTAPA

• Arantzazuko Artzain Eskolan dabil Arkaitz Vicente sunbildarra. Artzaintzatik bizitzea gustatuko litzaioke eta hain erraza ez izan arren, posible dela ikusten ari da eskolan.

• Urrian hasi zuen ikastaroa eta apiril akaberan akituko du. 900 orduko iraupena du eta klase praktiko zein teorikoak egiten dituzte. Azaldu digunez, puntako instalazioak daude eskolan.

• Artzaintzarekin segitzea erabakiz gero, baserriko artaldea haunditzea gustatuko litzaioke.

Nolatan erabaki zenuen Artzain Eskolan hastea?

Betidanik izan dut Artzain Eskolan sartzeko gogoa, artzaintza gustatzen zaidalako. Duela 10 urte hasi ziren ikastaroekin eta geroztik txirrinta izan dut. Aldi honetan aukera izan eta hementxe nago.

Zer egiten duzue ikastaroan?

Klase teorikoak eta praktikoak izaten ditugu. Bi astetan Artzain Eskolan egoten gara teoria ikasteko eta bertze bi astetan klase praktikoak hartzen ditugu baserri batean. Han egoten gara 24 orduz.

Nolakoa da teoria egun bat?

7:30-8:00etan ernatu eta gosaldu egiten dugu. Normalean ,10:00etarako klasean sartzen gara. Ekain Murua eta Batis Otaegi hemengo irakasleez gain, Iparraldeko Artzain Eskolatik ere jendea etortzen da erakustera. Klaseak akituta bazkaltzera joaten gara eta gero berriz bueltatu. Arratsaldeko azken orduan artaldearengana joaten gara, klasean emandakoa praktikan jartzeko.

Eta klase praktikoetan zer egiten da?

Baserriko martxara egokitzen gara. Baserritarrekin jeikitzen gara, arditegira joan, ardien lanak egin, jetzi, gaztak egin... Bazkaldu, siesta egin eta arratsaldean berriz ardiaren lanak egiten ditugu.

Zer moduzkoa da eskola?
Eskola berria da. Orain gutti arte, ardiak baserriko sotoetan egoten ziren eta klaseak aparte zeuden. Baina berriki obra haundiak egin dituzte makineria eta materialik berrienekin. Eskola arrunt zentratua eta espezifikoa da, eta sei hilabete denbora aunitz ez bada ere, aunitz ikasteko aukera ematen du. Irakasleak ere prestatuak eta esperientziadunak dira.

Zertarako balio izaten ahal dizu ikastaroak?
Alde batetik, ikasi eta prestakuntza hartzen ari naiz. Bertzetik, diploma ere emanen digute eta horrek hainbertze orduz prestakuntza jaso izana erakutsiko du. Dirulaguntzak kobratzerakoan, adibidez, laguntzen du.

Tresneria berriekin lanak aunitz murriztuko dira...
Denbora optimizatzen saiatzen dira, ahalik eta denbora guttienean ardiei jatera eman edo jezten. Bizi kalitate hobea izateko aukera ematen du horrek. Ardiari jatera emateko zinta-garraiatzailea dute; jezteko makina mekanikoa; ardiak parrila baten gainean daude arrobaderarekin eta ez dira azpiak atera behar...

Baserrian aldaketarik egiteko asmorik baduzu?
Hau akitzean ikusiko dugu, honetatik bizitzea erabakitzen dudan ala ez. Buruan proiektu aunitz ditut baina ongi pentsatu beharrekoak.

Artzaintzaren munduak ba ote du segidarik?
Orain arte gauza zegoen bezala, ez dirudi luzerako izanen denik. Artzainen adinaren batezbertzekoa altua da eta gazte gutti sartzen da mundu honetan. Hagitz lan lotua izan da, aunitzik ematen ez duena. Baina Artzain Eskolan, denbora libre gehiagorako aukera eman dezakeela ikusten ari naiz, eta artzaintza tradizionala eta modernoa konbinatuz, hortik bizitzea posible dela.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun