Nafarroako Gobernua urtetik urtera murrizten joan da euskarazko komunikabideak laguntzeko duen diru-poltsa. Atera kontuak, 1999an 211.718,49 euro ziren tokian, hamar urte geroago, 2009an, ez da 9.000 eurotara ailegatuko euskarazko 31 komunikabideen artean banatzeko aurreikusi duena.
Inork gutxik pentsatuko zuen 1986an Euskararen Legea indarrean sartu zenean, 22 urte beranduago, Gobernuak manera honetan bizkarra emanen zionik komunikabideetan euskararen erabilera «diruz eta materialez laguntzeko» duen betebehar legalari (Eusk. Legea, 27. art.)
Duela 9 urte Ttipi-Ttapa Fundazioak 54.224,55 euro hartu zituen Nafarroako Gobernutik aldizkaria eta telebista finantziatzeko. Hamar urte geroago, 2009an, foru administraziotik nekez etorriko dira mila euro Fundazioak gaur egun kudeatzen dituen telebista, aldizkaria eta egunkari digitala finantzatzeko. Hamar urteko tarte honetan murrizketa etengabekoa izan da baina, orain dela urte bat, inork ez zuen pentsatuko, justuki Nafarroako Gobernuak Euskarabidea –Euskararen Nafar Institutua– handikiro sortu eta urte batera, hain zuzen, laguntzak kasik osotara desagertzeraino murriztuko zituenik. Kolpe latza urte batetik bertzera eman duena. Foru administrazioaren bertze ataletan egin denarekin konparatuz, dirulaguntza hauek %97 murriztea ez da justifikatzen ahal krisi ekonomikoa aitzakia hartuta. Gauza bera salatu dute Topagunea elkartearen inguruan bildutako gainerako komunikabideen ordezkariek ere: «Nafarroako Gobernuak hartu duen neurri hori ez da konponbide tekniko bat, erabaki politikoa baizik, eta agerian uzten du Gobernuaren mespretxua eta errespetu eza Nafarroako euskal hizkuntza komunitatearekiko». Baina afera ez da horretan gelditzen. Krisiaz hitz egiten zaigun garai honetan, ekonomia mimatu beharraz eta lanpostuak zaintzeaz etengabe entzuten ari garen sasoi honetan, euskarazko hedabideetan ari diren langileen lanpostuak kolokan jarri ditu Gobernuak. Krisia ekidin beharrean, kasu honetan administrazioa bera da krisia eragiten duena.
Hedabide bakoitzak badu bere berezitasuna
Gaur egun Ttipi-Ttapa Fundazioaren inguruan zortzi langile enplegatzen dira eta 510.000 euro inguruko aurrekontua dago aldizkaria, telebista eta egunkari digitala aitzinera ateratzeko. Hiruen artean aldizkaria da sendoen dabilena, eta hori horrela da, neurri handi batean, autofinantzaketa mailarik altuena ere berak duelako. Ahulen dabilena, aldiz, telebista da zalantzarik gabe. Bera da aitzinera ateratzeko bitartekorik gehien behar dituena, telebistako tresneria garestiagoa delako eta lan-orduen produktibitatea baxuagoa aldizkari eta irratiekin konparatuz. Eta epe laburrera begira, ezin ahantzi LTDaren atarian (Lurreko Telebista Digitala), Foru Administrazioak eta Espainiako Gobernuak ez diotela aukerarik eman bere egoera legeztatu eta emisio-lizentzia eskuratzeko. Egoera honek guztiak aurrera begira jartzen digun panorama ez da batere baikorra eta itxaropentsua.
Larrialdiko erabakia
Gauzak horrela, larrialdiko erabakia hartu beharrean suertatu da Fundazioaren patronatua, eta «aitzinera begira defizita handitzen utzi eta telebistaren iraupena erabat ezinezkoa bihurtu baino lehen», gaur egun dauden baliabide ekonomikoen neurriko telebista birformulatzea hobetsi du. «Diru-sarrerak ttikiagoak izanen direnez, nahitaez, gastuek ere ttikiagoak izan beharko dute». Pentsatzekoa den bezala, honek guztiak berekin ekarriko du telebistako programazioaren aldaketa, beti ere, lan guztiak aitzinera ateratzeko giza-baliabide gutxiago izanen direla kontuan hartuz.
Programazio berriaren nondik-norakoak prestatzen ari dira egun hauetan lan-taldeko arduradunak, eta aldizkari honen hurrengo zenbakian emanen da horren berri.