Errege Kabalgatekin bukatu ziren Eguberrietako ospakizunak

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 7a

Astelehenean, urtarrilaren 5ean, Eguberri hauetako bigarren gau magikoa ospatu zen. Lehena Gabon Gaua izan zen Olentzeroren etorrerarekin eta bigarrenean protagonista bakarra izan beharrean, hiru ziren, Ekialdeko Errege Magoak, hain zuzen. Gure eskualdean, aunitz herritan jaso zuten harrera beroa Erregeek, Beran, Lesakan, Arantzan, Igantzin, Donezteben, Elizondon, Leitzan… baina denak ikustea ezinezkoa denez, gu Sunbillara hurbildu ginen.

Sunbillan Erregeak eta jaiotza

Sunbillan protagonismoa ez dute soilik Erregeek hartzen. Jaiotza egiten dute eta Erregeak haurtxoa adoratzera hurbiltzen dira. Jesus txikiari begira zeuden herritar guztiak, baina gehienbat, gazteenak. Hotza ez zen etsai bilakatu astelehenean, eta hori, beroki, bufanda eta eskularruak behar-beharrezkoak bilakatu zirela gaueko hotzari aurre egiteko. Suziri batek iragarri zuen Erregeak hurbil zirela eta orgen argiak urruntasunean ikusi zituzten. Meltxor izan zen lehena iristen. Bertaratutako guztiak agurtu eta elizako gorapean sartu zen. Bitartean, herriko abesbatzak “Adeste Fideles” kantatu zuen. Mariak besoetan lokartua zegoen Jesus zuen eta Meltxorrek oparia eskaini zion. Ondotik hurbildu zen Gaspar eta honek gauza bera egin zuen. Eta noski! Baltasar ez zen gibelean geratu eta mirra sura bota ondoren, bere bi adiskideengana bertaratu zen. Poliki-poliki haur guztiak taula gainera igo ziren eta hori bai, bakoitzak erabaki zuen nori egin eskaria. Erregeek opariak eta gozokiak banatu zizkieten. Ziur txikienek ez dakitela ongi nor diren Erregeak, baina gurasoek beraiek baino ilusio handiagoa izanda, begira zer nolako irribarreak bota zituzten! Muxu ematera ausartu zirenak ere igo ziren eta bitartean guraso eta senitartekoek argazkiak atera zizkieten. Taula gainera adinaren arabera igo ziren eta haur bakoitzari zenbaki bat eman zieten, bukaeran eginen zen zozketarako. Denen aitzinean zabaldu zituzten gaueko lehen opariak. Ze kontent zeuden Erregeak hainbeste muxu eta besarka jasota!

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun