2008ko azken egunetan eta 2009ko lehenbizikoetan zenbait gertakari larri gertatu dira gure inguruko herrietan.
74 urteko goizuetarra hilik
Larriena Urteberri egunean gertatu zen, 74 urteko goizuetar bat hilik topatu baitzuten Urteberri egunean, Goizueta inguruko erreka batean. Bere senideek, azken aldiz Urtezahar egunean ikusia zuten Ramon Eskudero Mitxelena eta parte eman zuten. Foruzaingoa eta Goizuetako suhiltzaile boluntarioak bere bila hasi eta urtarrilaren 1eko arratsaldeko 17:30ean hilik topatu zuten herrigunetik hurbileko erreka batean. Foruzaingoa heriotzari buruzko argibideak bilatzen ari da.
Igantzin traktorea irauli eta azpian hartu
Bertze aldetik, 80 urteko igantziar bat zauritua suertatu zen urtarrilaren 3an, larunbat arratsaldean, Igantziko Arbitzeko Borda baserri inguruko pista batean gidatzen zuen traktorea irauli zenean. SOS Navarrako larrialdi aretoak larunbat arratsaldeko 15:38ean hartu zuen istripuaren abisua. J.E.Z. inizialak dituen pertsona, Lesakako Osasun Zentrora eraman zuten lehenik eta bertan hartatu eta gero, anbulantzia batean eraman zuten Irungo Ospitale Komarkalera. Kolpe ugari zituela eta bertan ingresatu zuten. Elizondoko Foruzaingo komisaldegiko foruzainak Arbitzeko Borda ingurura joan ziren, gertatutakoari buruzko diligentziak edo eginbideak gauzatzera.
Sutea Larunen
Azkenik, Urte Zahar arratsean, Berako Larun inguruan sutea izan zen Urtezahar egunean eta 12 Hektarea erre zituen suak. SOS Navarrako larrialdi zerbitzuak arratseko 20:00ak baino lehenxeago hartu zuen abixua eta Oronoz-Mugairiko parkeko suhiltzaileak hurbildu ziren. Beraiekin batera, Berako eta Senpereko suhiltzaile boluntarioak ere aritu ziren sua itzaltzen.