Urtarrilaren 5eko Errege Kabalgatekin bukatuko dira Eguberrietako ospakizunak

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 5a

Urtarrilaren 5a Errege bezpera denez, Errege Kabalgatak eginen dira inguruko hainbat herritan, Eguberrietako ospakizunei akabaila emateko. Beran, arratsaldeko 18:30ean abiatuko da Errege Kabalgata Altzatetik Eztegara pilotalekura. Kabalgata atera baino lehen, 15:30etik aitzinera erregeen pajeak Berako karriketan ibiliko dira haur guztien gutunak jasoz. Jaiotza biziduna berriz, Eztegara pilotalekuan jarriko da eta erregeek herriko karrika desberdinak zeharkatu ondotik, frontoia bertan harrera eginen diete.

Lesakan Zahar Etxea bisitatuko dute lehenik

Lesakan ere, Eguberrietako hondar ospakizuna eginen dute Errege bezperako Kabalgatarekin. Arratsaldeko 17:00etan Errege Magoek bixita eginen diete Andra Mari Zahar Etxeko xaharrei eta ondotik, 18:00etan abiatuko da Kabalgata Irain eskolatik. Frontoian jaiotza biziduna izanen da.

Arantzan eta Igantzin

Arantzan eta Igantzin ere, Ekialde Hurbileko Meltxor, Gaspar eta Baltasar Erregeak etorriko dira ilunabarrean. Hiru Erregeak laguntzaile taldearekin ailegatuko dira eta musikarien doinuek irekiko diete bidea. Arantzako herri plazan egindako harreraren ondotik, elizan, ohiko ohiturari segituz, opari banaketa eginen da meza ondoan. Gero, ohiko kabalgata eginen da ilunabarreko mezaren ondotik.

Sunbillan ere, arratsaldeko 19:00ak aldera ailegatuko dira erregeak, mezaren ondotik, hain zuzen ere. Meza akituta, herriko abesbatza Itturburu aldera joanen da Hiru Erregeei ongietorria egitera eta elizarainoko bidean laguntzera. Elizatarian jaiotza ere paratuko dute, bere artzaintxo eta guzi.

Donezteben, Elizondon, Leitzan edo Goizuetan ere Errege Magoek bere ibilbideak eginen dituzte arrats honetan eta beharbada, gauean zenbait opari utziko ditu umeen etxeetan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun