Baztan eta Doneztebeko eskaparate lehiaketetako sariak banatu zituzten

TTIPI TTAPA 2009ko urtarrilaren 2a

Azken Muga izan zen dotoreena Elizondon

Bertan, Baztango merkatari, zerbitzu eta ostalarien elkarteak, Elizondoko komertzioen artean sustatu duen erakusleiho lehiaketaren sari banaketa egin zen abenduaren 30ean. Epai mahaia honakoek osatu zuten: Fernando Gorostidi herriko artistak, Baztango Udaleko kultura zinegotzia den Martin Gardek eta Elisabeth Azkarate Nafarroako Merkatarien Federazioko kideak. Lehiaketa honen helburua merkatariek jartzen dituzten erakusleihoen kreatibitatea saritzea izan da.

Azken Muga, Artesiaga eta Malkorra sarituak

Lehiaketa honetara 21 merkatari aurkeztu dira eta abenduaren 15eko astean puntuatuak izan ziren, ideiaren orijinaltasuna, argiteria eta produktuaren aurkezpena aintzat hartuz. Sailkapena benetan estua izan zen lehen postuan Azken Muga, bigarrenean Artesiaga eta hirugarrenean Malkorra geratu ziren. Sariak honakoak izan dira: Xorroxin Irratian 15, 10 eta 5 publizitate kuña, hurrenez hurren. Azken Muga dendan banatu ziren sariak eta sariak hartu zituzten Amaia Ruiz de Larrinaga, Maite Idoate, Ana Gonzalez eta Mari Jose Alañak.

Donezteben ere lehiaketa

Bertzalde, Doneztebarrak Merkatarien elkarteak ere, ildo beretik Eguberrietako erakusleiho lehiaketa ere antolatu zuen eta sari banaketa abenduaren 30ean egin zen. Avelino Mitxeo Doneztebeko Udaleko zinegotzia izan zen sariak banatu zituena eta bere solasaldian merkatariei egindako esfortzua eskertzeaz gain, bide beretik jarraitzeko animoa luzatu zien. Sarituak izan dira Cosas de Casa, Lakar eta Casa Taberna dendak eta bakoitzak diploma bana jaso zuen.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun