Juan Ramón Corpas Mauleon Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko kontseilariak Urtezahar egunean Iturenen iragarri zuenez, Ituren, Lantz eta Zubietako inauteriak Interes Kulturaleko Ondasun Materiagabe izendatzeko espedientea abiatuko du Nafarroako Gobernuak, ospakizun tradizional horiek kultur ondare gisa mantentze aldera. Iragarpen ekitaldira Pedro Luis Lozano Kulturaren zuzendari nagusia, Miguel Angel Petrirena Iturengo alkatea eta Francisco Mitxelena Zubietako alkatea ere bildu ziren.
Estrainekoz Nafarroan
Nafarroa aberatsa da interes kulturaleko herri adierazpenei dagokienez, eta estreinakoz, gisa honetako prozedura bat hasiko dute, herri adierazpen tradizionalak mantentzeko. Gainera, Ituren, Lantz eta Zubietako inauteriak Interes Kulturaleko Ondasun izendatzeko espedientea abiatuz aurrekariak ezarriko dituzte Foru Komunitatean garrantzi eta interes kulturala duten beste adierazpen batzuk babesteko eta etorkizuneko belaunaldiei begira zaintzeko.