2009ko denboraldian ere ezin izanen da amoarrainik arrantzatu

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 30a

Izokin arrantza denboraldia apirilaren 1etik ekainaren 19ra izanen da

Bigarren urtez jarraian, Nafarroako ibaietan amuarraina arrantzatzearen debekua mantenduko da. 2008 urtean %14 errekuperatu da amuarrainen populazioa eta zenbait arrantza elkarteek harrapaketa heriotzarik gabe gauzatzea proposatu zuten, baina Nafarroako Gobernuko Landa Garapen eta Ingurugiro Departamentuak gauzak garbi ditu eta debekua bere horretan mantentzea erabaki du.

%29ra arteko errekuperazioa

2008an jasandako errekuperazioa aztertu du Departamentuak eta 2009an %29ra iritsi daitekeela aurre ikusi da. Hala, Nafarroako 23.000 arrantzalek ezin izanen dute amuarrainik atera Nafarroako ibaietatik 2009 urtean. Hurrengo urtean ekinbide planarekin jarraitzeko asmoa du Landa Garapen eta Ingurumen Departamentuak ibaien kalitatea hobetu asmoz. Bere helburu nagusia Nafarroako erreketan amuarraina berreskuratzea da. Hala, arrantza debekatzearekin batera, bertze neurri batzuk ere ezarriko dira eta horien artean daude Bidasoa ibaian birpopulazioa egitea, arrantzatu daitezkeen espezieak areagotzea edota izokinaren kupoa handitu eta baita data zabaltzea.

Izokina apirilaren 1etik ekainaren 19ra bitarte

Hala, aurre ikusi da izokinaren arrantza apirilaren 1etik ekainaren 19 bitarte gauzatu ahal izatea, edo 60. alea harrapatu arte. Plan berri honek 1,2 miloi eurotako kostua izan zuen eta bertzeak bertze 9 eskala gauzatu ziren Bidasoa eta Zaraitzu ibaietan, eta amuarrainen 195.000 arroltze eta 75.000 jubenil bota ziren. Plan honen barrenean 1.582 ekinbide gauzatu ziren eta horren arabera, 151 salaketa aurkeztu ziren.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun