Nafarroako hoteletan ostatu hartu duten bidaiarien kopurua urteko lehen hamaika hilabeteetan 715.503 izan da eta horrek suposatzen du aurreko urteetako datuak aintzat hartzen baditugu, %1,6 jaitsi dela. Gauen datuak begiratu ezkero, 1.351.994 izan dira, hau da, %2,3 gutxiago. Azaroko hilabetean Nafarroako hoteletan lo egin zuten bidaiarien kopuruak ere behiti egin du eta hala, iazko datuekin alderatuz, %12,4 behera egin du eta gaua bertan lo egin dutenen kasuan %18,3koa da. Zifra hauek orokorrean ikusten baditugu, 49.158 bidaiarik 88.601 egunetan lo egin zuten eta horrek suposatzen du banaz bertze 1,8 egun egon direla bertan eta aurreko urteko datuak erreparatuz gero, %6,7 txikiagoa dela, beti ere Nafarroako Estatistika Institutuaren arabera.
Madrildarrak, katalanak eta euskaldunak
Turisten jatorriari dagokionez, aipatu beharra dago azaroan hurbildu zirenen artean, %85,2k Estatu Espainiarreko jatorria zutela eta hauek %84,6en gauak okupatu zituztela. Foru Erkidegokoari dagokionez, bisitarien zenbatekoa aintzat hartuz madrildarrak, katalanak eta euskaldunak dira gehien hurbiltzen direnak, %21,6, %15,7 eta %12,9 hurrenez hurren. Gaueko datuak begiratuz, madrildar, katalan eta nafarrak dira hoteletan gau gehien pasatu dituztenak, %18,6, %15 eta %14,3. Nafarroan 10.683 leku eskaini ziren 264 establezimenduetan eta horrek %27,6ko okupazio maila suposatu zuen, aurreko urtean baino %26,5 gutxiago. Gainera, Nafarroako hotelek 1.412 langile kontratatu zituzten zerbitzua eskaintzeko.
Abenduko zubian %100eko okupazioa Baztan-Bidasoako landa etxeetan
Baztan-Bidasoako Hiruak Bat landa etxeen elkarteak abenduko zubian %100eko okupazio maila izan zuen etxe osoko zerbitzuan eta zertxobait apalagoa gelakako etxeetan.