Iaz baino 253 bizilagun gehiago zeuden ttipi-ttapak Nafarroan hartzen duen eskualdean

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 30a

2008ko urte hasierako erroldaren arabera

2008 urte haseran egindako erroldaren arabera, ttipi-ttapak hartzen duen Nafarroako eskualdean 26.642 bizilagun bizi ziren 2007 hasieran baino 253 gehiago.

Baztan, Bortziriak eta Malerrekan goiti

Baztanek 135 bizilagun irabazi ditu urtebetean eta 2007an 7.847 izatetik 2008an 7.982 izatera pasatu da, 8.000ko mugatik hurbil. Bortzirietan ere, 27 lagunetan goiti egin du bizilagun kopuruak eta 8.536 bizilagun zeuden 2008 hasieran, 2007an 8509 ziren bitartean. Herrika, Arantzan 640 bizilagun zeuden urte hasieran, 2007an baino 8 guttiago; Berak ere 4 bizilagun galdu ditu, 3.684tik 3.680ra pasatu baita; Etxalarren aldiz, 823ra igo da bizilagun kopurua, 2007 urte hasieran baino 22 gehiago; Igantzin ere 8 bizilagun gehiago dira, 614 eta Lesakan 7 gehiago, 2779. Malerrekan, 109 bizilagun gehiago bizi ziren 2008 urte hasieran, 4.125, urtebete lehenago baino. 2007 urte hasieran 4.016 ziren. Herrika, Beintza-Labaienen berdin mantentzen da bizilagun kopurua, 258. Donamarian 9 bizilagun irabazi dituzte urtebetean eta 420tik 429ra pasatu dira. Donezteben igoera nabarmenagoa izan da, 79 bizilagun gehiago baitaude Malerrekako hiriburuan. 2008 urte hasieran 1.601 ziren eta 2007 urte hasieran 1.522. Elgorriagan ere 12 bizilagun gehiago ziren 2008 urte hasieran, 231. Eratsunen, aldiz, 3 bizilagun galdu dituzte eta 165 ziren 2008 urte hasieran. Ezkurran ere 10 bizilagun galdu dituzte eta 176 dira. Iturenen 4 bizilagun gehiago ziren 2008 urte hasieran, 481. Oitzen ere 3 biztanle gehiago ziren, 157. Saldiasen, bizilagun kopurua berdin-berdin mantentzen da, 120 biztanle. Urrotzen igoera handia izan dute eta 183 izatetik 193 izatera pasatu dira, hamar bizilaguneko igoera. Zubietan ere bortz biztanle irabazi dituzte, 309 izatetik 314 izatera pasatuz.

Sunbilla eta Bertizaranan zertxobait beheiti

Sunbillak 15 bizilagun galdu ditu urtebetean, 2007ko 662etatik 647ra pasatu baita. Bertizaranan ere kopuru berdintsuan dabiltza eta bederatzi bizilagun galdu dituzte. 2008an 653 ziren eta urtebete lehenago 662.

Leitzaldean ere behera

Leitzaldean, 25 bizilagun galdu dituzte eta 4.119 izatetik 4.094 izatera pasatu dira. Aranon 9 bizilagun gehiago dituzte, 127tik 136ra pasatu baitira urtebetean. Areson, aldiz, 6 lagun galdu dituzte eta 288 izatetik 282 izatera pasatu dira. Goizuetan ere 15 lagunetan beheiti egin du bizilagun kopuruak eta zehazki 800 ziren 2008 urte hasieran. Leitzak ere 13 biztanle galdu ditu eta 2.889tik 2.876 pasatu da.

Xaretan, Urdazubi goiti eta Zugarramurdin bizilagun bat guttiago

Xareta aldera joz, Urdazubik igoera nabarmena izan du eta 32 bizilagun irabazi ditu, 348tik 380ra pasatuz. Zugarramurdin, aldiz, bizilagun bat galdu dute eta 225 ziren 2008 urte hasieran.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun