Korrikaren hamaseigarren edizioa martxo hondarrean pasatuko da eskualdetik

Utzitako argazkiak 2008ko abe. 18a, 15:57

Aitziber Sarasola eta Asier Biurrun Korrikaren aurkezpenean. TTIPI TTAPA

Abenduaren 17an AEKren Artezkaritza Kontseiluko kide den Aitziber Sarasolak eta, Asier Biurrun, Korrika 16ren Nafarroako arduradunak Korrika 16ren aurkezpena egin zuten.

Munduan parekorik ez duen ekitaldia

Korrika, bi urterik behin AEK-k antolatu eta Euskal Herri osoan zehar egiten den euskararen aldeko lasterketa erraldoia da. Gure hizkuntzaren aldeko kontzientzia suspertzea eta gau-eskola zein euskaltegien eguneroko lana indartzeko dirua biltzea ditu helburu. 1980an Oñatitik Bilbora Euskal Herria zeharkatu zuen lehenengo Korrika antolatu zenetik, euskararen alde antolatzen den ekitaldirik jendetsuena eta garrantzitsuenetakoa ez ezik, munduan parekorik ez daukan ekitaldia bihurtu dela erran dezakegu.

Tuteratik Gasteizera

2009ko martxoaren 26an Tuteran hasita, 11 egunez eta gelditu gabe, Euskal Herria zeharkatuko du hamaseigarrenez Korrikak. “Ongi etorri euskaraz bizi nahi dugunon herrira” lelopean, 2.000 kilometro baino gehiago euskararen alde, adin eta mota guztietako milaka korrikalarirekin, gau eta egun gelditu gabe, apirilaren 5ean Gasteizera heldu arte.

Martxoaren 28an Leitza eta Goizuetan

Gure inguruan ere ibiliko da hamaseigarren Korrika hau. Martxoaren 28an, larunbat gauean, Uitzin barna sartuko da Leitzara eta Basakabiko gainetik Goizueta aldera jautsiko da, Hernani aldera pasatzeko.

Martxoaren 30ean Saraldea, Bortziriak, Malerreka, Bertizarana eta Baztanen barna

Martxoaren 30ean, astelehen goizean, berriz, Uztaritzetik Senperera sartuko da eta Azkaine, Sara, Lizuniaga, Bera, Lesaka, Sunbilla, Doneztebe, Narbarte, Mugairi, Arraioz, Irurita, Elizondo, Zigaurre eta Almandoztik pasatu ondotik, Ultzamako Bentan barna Ultzama aldera sartuko da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun