Mendi Abesbatzak eta Agorreta Musika eskolako ikasleek kontzertua eskainiko dute abenduaren 19an

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 17a

Donostiako Udal Txistulari taldea izanen da gonbidatu berezia Doneztebeko elizan

Abenduaren 19an, ortziralean, arratsaldeko 20:00etan Doneztebeko Elizan Eguberriko kontzertu berezia ospatuko da. Bertan Mendi Abesbatzak eta Agorreta Musika Eskolako ikasleek elkarlanean parte hartuko dute iaz egin gisan, baina horretaz gain, aurtengoan zinez gonbidatu bereziak izanen dituzte: Donostiako Udaleko Txistulari Taldeko musikariak, hain zuzen ere.

Donostiako Udaleko txistulari taldea

Kontzertua hasteko, Donostiako Udaleko Txistulari Taldeak Eguberri inguruko Joakin Oxinaga, Bitor Etxebarria, Hilario Olazaran eta talde honen zuzendari den Jose Ignazio Ansorenaren lau obratxo eskainiko ditu, segidan Mendi Abesbatzak folklore desberdinetako hiru gabon kanta abestuko dituelarik. Kontzertuaren hirugarren atalean, Donostiako Udaleko Txistulariek, Mendi Abesbatzak eta Agorreta Musika Eskolako abeslari nahiz txistulariek bat eginen dute elkarrekin Eguberrietako kanta ezagunak eskaintzeko, tartean “Mesias” edota “Ator-Ator” ezagunak. Musikaz gozatzeko aukera ederra, beraz, ortziral arratsean Doneztebeko elizan izanen dena.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun