Mendira atera aitzinetik eta ondotik kontuan hartzeko aholkuak eman ditu Nafarroako Gobernuak

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 16a

Astelehen gauean galdutako bertze mendizale bat erreskatatu zuten Saioan

Saioa menditik jausten ari zela astelehenean galdutako 39 urteko mendizale bat erreskatu zuten astelehen gaueko 22:00ak aldera Oronoz-Mugairiko eta Iruñeko Nafarroako Larrialdi Agentziako suhiltzaileek eta foruzainek. Kintoa inguruan topatu zuten mendizalea, zorionez GPSa baitzeraman eta bere koordenadak eta altuera zehatz-mehatz eman ahal izan zituelako. Azken asteotan gure inguruko mendiietan galdutako mendizaleen berria auniztan eman dugu. Ezbeharrik larriena igandean gertatu zen, larunbatean Zubietatik Ekaitzara abiatutako 68 urteko mendizale bat Goizueta aldeko Elama inguruan topatu zutenean.

Mendira atera baino lehen

Hau dela eta, Nafarroako Gobernuak zenbait aholku eman ditu, mendira atera baino lehen kontuan hartu beharrekoak zehaztuz. Honela, irteera norbere prestakuntza fisikoaren eta mendiaren ezagutzaren arabera aukeratu behar da eta mapa, liburu eta gidak erabili behar dira. Ez da komeni norbere sasoia dena baino handiagoa dela pentsatzea. Ibilbideari eta eguraldiari buruzko informazioa bildu behar da, baita eguraldia kaxkartuz gero inguruan aterperik ote dagoen jakin. Aukeratutako ibilbidearen araberako materiala eta arropa eraman behar da, pisu sobera hartu gabe, baita sakeleko telefonoa, janari energetikoak eta ura. Aukeratutako ibilbidearen berri eman behar zaio ezagunei eta ez da bakarrik joan behar. Kontuan hartu behar da udan errexak diren ibilbideak neguak arriskutsuagoak izan daitezkela, eta material eta teknika egokiak eskatzen dituztela. Material eta teknika horiek erabiltzen ikastea komeni da.

Mendira ateratakoan

Behin mendira ateratakoan, mendiko arriskuei buruzko seinalizazioei adi egon behar da eta mendian bapateko eguraldi aldaketak, ekaitza edo lainoa sartzea adibidez, ohikoak direla pentsatu. Itzulera kontuan hartuz indarrak neurtzea komeni da, maiz edan eta jan eta tarteka atseden hartu. Amildegi inguruetara ez da hurbildu behar eta istripua edo galtzea suertatzen bada, 112 telefonora deitu eta lekutik ez mugitzea komeni da.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun