Familia nafarren herenak iaz baino 100 euro gehiago ordaindu behar ditu hilean

TTIPI TTAPA 2008ko abe. 16a, 13:19

Hala dio Irache Kontsumitzaileen Elkartearen ikerketa batek

Bizitza aunitz garestitu da, eta urteetan gibelera gehiegi egin gabe, datuek horrela erakusten dute. Irache Nafarroako Kontsumitzaileen Elkarteak egindako ikerketa baten arabera, Nafarroako familien hirutik batek iaz baino 100 euro gehiago ordaintzen ditu aurten hilabetero, eta duela hiru urte baino 330 euro gehiago.

Hipoteka, erosketa zarea, argia, gasa, telefonoaren garestitzea... Hainbat dira gehiago ordaindu behar izate horren gibelean dauden arrazoiak, baina buruhausterik haundiena hipoteka-kredituek eragiten dute.

Hipoteka

Nafarroako familien %31k hipoteka-kreditu bat sinatua du eta hilabete hondarrean sortzen diren kezka nagusietako bat da. Euriborrak etengabe egin du goiti eta horrek ondorioak utzi ditu. 2005eko urrian, euriborra %2,414an zegoen; 2007ko garai berean %4,647n; eta aurtengo urrian %5,248n zegoen. Iazko eta aurtengo datuak konparatuz, urte hasieran hipotekarekin hilabete bakoitzean 890 euro ordaindu behar baziren, orain 943 euro behar dira.

Erosketa zarea

Etxeko erosketak egitea ere lehen baino garestiagoa da orain. Elikagai eta edari ez alkoholdunetan KPI kontsumo-prezioen indizeak ere gorakada izan du eta hala, bataz bertze, familia bakoitzak 515 euroko gastua egiten du hilabetean elikagaietan. Horrela dio Irachek. Elikagaien produkzioa, industria eta kontsumoari buruz Mercasak egindako txostenaren arabera, berriz, biztanle bakoitzeko kontsumoa hilean 128 eurokoa da.

Argia eta gasa

2008an argiaren tarifak %8,9 egin du goiti bataz bertze, 40 euro inguru. Gasaren prezioek ere nabarmen egin dute goiti eta oraingoz %18 igo da, 28 euro inguru hilabetean.

Telefonoa
Telefonoaren mantenimenduagatik Telefonicak ere tarifak go egin ditu. Kontsumoa kontuan hartu gabe, %2 hazi da urte onetan gastua eta 13,70 eurotik 13,97ra pasatu da.

Zentzuz kontsumitu
Egoera zein den ikusita, Irachek hainbat aholku luzatu ditu: kalitatea-prezioa aintzat hartuz egitea erosketak, hipoteka-kreditua eskatzerakoan banketxe diferenteen eskaintzak konparatzea, elektrizitatea eta berogailua arduraz erabiltzea...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu eta horretarako baimenak eduki behar dituzu. Sartu komunitatera!