Azaroaren 22an jokatu ziren Lesakan, Bortzirietako eskuz binakako VIII. txapelketako finalak. Hasi aurrebenjaminen kategoriatik infantilen maila bitarte, zazpi partida jokatu ziren.
Aurrebenjaminetan, erraz nagusitu ziren lesakarrak, Asier Larralde eta Antton Petrirenak 18 eta 6 irabazi baitzieten Igantziko Joxe Arriada eta Beñat Iantziri.
Benjaminak B mailan, aurrebenjamin mailakoen emaitza berdina izan zen, 18 eta 6, eta honetan ere Lesakara joan zen garaipena. Aimar Zamorano eta Jorge Agirre izan ziren irabazle, Berako Gure Txokoako Ugaitz Larralde eta Oier Larretxearen aurka irabazita.
Benjaminak A mailan, Gure Txokoako Mikel Eltzaurdiak eta Yago Canterok 18-14 irabazi zuten Lesakako Ganix Arruti eta Igantziko Enaitz Telletxearen kontra.
Alebinak B mailan, Mattin Kazabon eta Iker Salaberria oiartzuarrak nagusitu ziren, Etxalarko Goiatz Jauregi eta Xabier Sanzberrori 18 eta 13 irabazita.
Alebinak A mailan, Berako Gure Txokoako bi bikote izan ziren aurrez aurre. Azkenean, Harri Maritorena eta Ander Errandoneak 18 eta 11 irabazi zieten Peio Migelena eta Andoni Lazkanotegiri.
Azken aitzineko partidan infantilak B mailan, lau oiartzuar ahalegindu ziren txapela eramaten eta azkenean Lander Pikabea eta Xabi Azpirotz 18 eta 15 gailendu zitzaizkien Aitor eta Gorka Mitxelenari.
Azkeneko partidan, infantilak A mailan, Gorka Sanjurjo eta Unai Zamorano lesakarren aldera joan zen txapela. 18 eta 9 irabazi zieten Oiartzungo Andoni Ugalde eta Mikel Zapiraini.
Partida guztiak akautu ondotik banatu ziren txapelak eta trofeoak finalistei eta oroigarri bana txapelketan parte hartu duten pilotari guztiei. Binakakoa bukatuta, laster abiatuko da eskuz banakako txapelketa.