Nafarroako Goma Gaineko 8x8 Sokatira Txapelketako lehen postu guztiak eskualdean gelditu dira: gizonezkoetan Amaiur izan da nagusi eta emakumezkoetan Lesakako Beti Gazte. Gizonezkoak 640 eta 600 kiloko kategoriatan ibili dira lehian eta emakumezkoak, berriz, 500 kiloko mailan.
Gizonezkoetan bi talde bakarrik aritu dira: Berriozar eta Amaiur eta baztandarrek lortutako lehendabiziko txapela 640 kilokoan jantzi zuten. Azaroaren 16an Arbizun jokatutako saioan Berriozarkoak nagusitu ziren, baina azaroaren 22an Elizondon Amaiurkoak gailendu ziren. Beraz, puntutan berdinduak gelditu ziren, baina Berriozarrek, hasierako bi tiraldietan hiru faltak egin zituenez, tiraldiak baztandarrentzat izan ziren.
600 kiloko txapelketan, lehen eta bigarren jardunaldiak segidan jokatu zituzten azaroaren 29an Lesakan. Amaiur eta Berriozar lehiatu ziren, eta Amaiur nagusitu zen, baina lana gogotik eginda. Lehenbiziko txandako bi tiraldiak ikusgarriak izan ziren. Hasieran Berriozar gailentzen hasi zen, baina bi taldeak goma gainean erorita ibili ondotik, nola edo hala amaiurtarrek bereganatzea lortu zuten.
Bigarrena ere parekatua izan zen, baina Amaiurri falta bat adierazi zioten eta azkenean Berriozar nagusitu zen. Bigarren txandako bi tiraldiak, berriz, Amaiurrentzat izan ziren. Hortaz, Amaiurrek jantzi ditu aurtengo 640 eta 600 kiloko txapelak.
Emakumezkoetan lehen aldiz txapela Lesakara
Egun eta toki berean, azaroaren 29an Lesakan, emakumezkoek 500 kiloko hirugarren eta azken jardunaldia jokatu zuten. Lau talde arituak ziren lehian aitzineko bi jardunaldietan: Beti Gazte (Lesaka), Sakana, Amaiur eta Txantrea (Iruñea).
Ordurarteko saioetan egindako lanagatik, etxeko taldeak, Beti Gaztek, puntu bateko abantaila zuen Sakanarekiko eta bien artean erabaki zen txapela. Amaiurko taldea ere Lesakan izan zen, Txantrea, ordea, ez, pisuan sartzeko arazoak izan baitzituen.
Amaiur eta Sakanako nesken arteko tiraldiak Sakanara joan ziren, baita Amaiur eta Beti Gazteren artekoak ere, bigarren tiraldian Amaiurri hiru falta adierazi baitzizkion epaileak.
Beti Gazte eta Sakanaren arteko lehian erabaki zen txapela. Lehendabiziko tiraldian, Sakanakoak izan ziren nagusi, baina bigarrenean, Beti Gaztekoak. Aitzineko jardunaldian lortutako aldeari esker, beraz, txapela jantzi zuen Beti Gaztek. Zortzinakako txapelketan Lesakako nesken taldeak irabazi duen lehen txapela da.