Jokin Etcheverria senpertarra ETB3 telebista kate berriko ikurra bilakatu da

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 16a

TTIPI TTAPA

Bururatzerat doan urtean, 500 ateraldi eskas egin dituzte suhiltzaileek

Jokin Etcheverria 29 urteko senpertarra MyJok jantzi kolekzioarekin eta Maiana Agorrody uztarriztarrakin egin dituen grafismo lanekin egin zen ezagun duela zonbait urte. Berrikuntza hauek toki eskasa dute oraino Ipar Euskal Herrian eta lan bila norabait joan behar zuten. Bizi osoa Donibane Lohizunen egin duen senpertarrarentzat Parise urrunegi zen eta mugimendu haundia duen Bilbo hautatu zuen bizitzeko eta lan egiteko. Bizkaiko hiriburuan zabaldu du tailerra. Lan gehiago ere atzeman du Jokinek han, Euskal Telebistan, hain xuxen: ETB3 kate tematiko berrian BURP Bask Underground Report saio harrigarria aurkezten du senpertarrak. Intxaurrak burdinezko xapel batekin hausten dituen euskaldun berria edo pilotan tanga batekin jokatzen ari diren bi lapurtar agertzen dira BURP saio umoretsu eta ironikoan. Ainitzek diote onartezina dela holakoak agertzea telebista publikoan.

Modernitatea eta ziria ezin dela erdarari utzi errepusta ematen du Jokinek. Orain arte, euskaraz sekulan ikusi ez diren 12 minutuko 48 saio prestatu ditu. ETB3z gain, YouTube sarean ere ikus daiteke BURP saioa, egun guziko bizitik ihes egiteko proposamen alternatiboa... Bertzalde, Jokin Etcheverriak Chiloe piai emanaldia ere aurkezten du ETBn. Eleanitza izatea maite duen lapurtarrak mundu osoa korritu du azken hilabeteetan eta harreman hobea erdietsi du beti herri ttikietan haundietan baino. Istanbul, Orlando, Flandes, Bretaña, Taiwan eta Indian barna ibili da, bertzeak bertze. Leku hauetatik irudi zoragarriak eta aipamen umoretsuak ekarri ditu. Orain arte, ETB3n eskaini dituzte Chiloe saioaren atal berriak baina urtarriletik goiti, ETB1en, eta otsailean, ETB2n ere ikusteko parada izanen da. Etcheverriaren ikus-entzunezko lanek solas eta kritika ainitz sortu dute. Nehor ez da isilik egoten, edo maite dute, edo kritikatzen dute. Kontuak kontu, estilo berria ekarri du Euskal Telebistarat, Iparraldeko doinuarekin eta begiradarekin gainerat...

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun