Ibintza Kultur Taldeak Kultur Egunak antolatu zituen bertze urte batez abenduaren 5etik 7ra. Ekitaldi gehienek jendearen parte-hartze haundia izan zuten eta antolatzaileak gustura gelditu dira. Ortziralean Nor zen Iturengo arotza? izenburua zuen hitzaldiak hasiera eman zion Kultur Egunei. Andres Iñigok emandako hitzaldian jende aunitz bildu zen eta jendearen harridura ere piztu zuen. Kontu xelebre eta interesgarriak ikasi genituen. Berriki hil den Mikel Laboari omenaldi ttiki bat eginez, berak ezagutzera emandako Iturengo arotza kantarekin amaitu zuen solasaldia.
Larunbatean haurrentzako ekitaldietan jende parrasta bildu zen. Hainbat jokutan parte hartzeko aukera izan zuten: tailerrak, ipuin kontalaria,herri kirolak… Mus txapelketa eta kantu afaria izan ziren eta azken hau behinik behin giro onean joan zen, ordu ttikiak arte. Azkenik, igandea. Herriko Etxeko Ganbaran Anje Duhaldek emandako kontzertuak eta honen ondotik egin zen luntxak amaiera polita eman zieten Kultur Egunei.