Kultur ondarea zaintzeagatik sei sari eta aipamen banatu ditu eskualdean Cedernak

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 16a

Sari banaketa egunean, sariak eta aipamenak jaso zituzten arduradunak, Cederna Garalur elkarteko eta Nafarroako Gobernuko ordezkariekin. TTIPI TTAPA

Baztan, Etxalar, Zubieta, Goizueta eta Lesakako entitateek jaso dute

Nafarroako Mendialdeko ondare kulturala zaindu eta berreskuratzearen alde egindako lanagatik, hainbat sari eta aipamen banatu ditu Cederna Garalur Elkarteak aurten ere, Leader+ programaren barne. Azaroaren 26an Lesakako Burdinaren Etxean egindako ekitaldian egin zen sari banaketa. Aurtengo edizioa bortzgarrena izan da, eta hainbat udalerritako 11 proiektu saritu ziren guztira: 6.000na euroko zortzi sari, 2.000 euroko aipamen berezi bat eta diru-saririk gabeko bi aipamen berezi. Horrez gain, Muskildako Jone Villanueva eskulangilearen zurezko erloju bana ere eman zitzaien sarituei. Sari-banaketan Luis Garate Cederna Garalur Elkartearen presidenteak, Fermin Villanueva Nafarroako Gobernuko Kultura eta Turismo Departamentuko Turismo Produktuak Antolatzeko eta Garatzeko zerbitzuburuak, Koldo Erkizia Lesakako alkateak eta Esther Zelaia Cederna Garalur Elkarteako behin behineko zuzendari-gerenteak hartu zuten parte. Horiekin batera, saria jaso zuten bertze herrietako ordezkariak izan ziren.
Aitzineko urteetan bezala, aldi honetan ere hainbat sari gelditu ziren inguruan.

6.000 euroko sariak

Eskualdeko bortz entitateri eman zaie 6.000 euroko saria: Baztan eta Urdazubiko Done Jakueren Bideko Lagunen Elkarteari, Azpilkuetako Urrasun auzoko Santiago baseliza birgaitzeagatik. Elkarteko boluntarioek 2007an zaharberritu zuten, XVIII. mendeko eraikuntza-estiloan oinarrituz.
Etxalarko Udalari Etxalarlatsa Ola Zaharra proiektuagatik. Turismo produktu berria eskaintzeko, antzinako burdinola berreskuratzen aritu da Etxalarko Udala.
Zubietako Udalari, San Anton baseliza berreskuratu eta birgaitzeagatik. Auzolanean, herritarrek teilatua eta fatxada nagusia berritu zituzten eta ateak zabaltzeko moduan gelditu zen. Baztango Udalari, Amaiurko gazteluan egiten ari den esku-hartze arkeologikoagatik. Aranzadi Zientzi Elkarteko adituekin eta EHU-UPVko arkitektura ikasleekin dabiltza horretan.
Goizuetako Udalari, Zubimusuko latsarria berreskuratzeagatik. Hau ere auzolanean konpondu zuten herritarrek eta badu bere garrantzia, 12 harraska baititu. 1908an eraiki zuten, eta 80. hamarkadan erabili zen azkenekoz. Zaharberritze honekin turismo-baliabide berria sortu dute Goizuetan. Aipamen berezia Lesakako Udalak ere 2.000 euroko aipamen berezia jaso du, Sumusako atea izeneko proiektuan garai batean herrirako sarbidea zen ate hori berritzeagatik. Garai hartan, Lesakak hiru ate zituen kanpotik herrira sartzeko eta horien artean bere tokian dagoen bakarra da Sumusakoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun