Gizalegezko Jokaerak Bultzatu eta Espazio Publikoak Babesteko Ordenantza onartu du Udalak. Eskualdean halako araudi bat onartzen duen lehen herrietako bat izan da Doneztebe, beti ere, herria hobetzeko helburuarekin ebatzitakoa. Gizalegezko jokabideak arautu eta askatasuna aitortu nahi dira, bertzeenganako errespetuan oinarrituz. «Gizalegezkoak ez diren portaerak guttiengo batenak dira, baina guztienak diren ondasun eta espazioak kaltetzeaz gain, bizikidetzarako eraso dira», dio udal ordenantzak.
41 artikuluz osatutako araudia egin du Udalak, eta apirilaren 25ean onetsitako Doneztebe gizalegearen alde planaren barne dago. Ordenantzan, bertzeak bertze, herritarren portaeraren printzipioak aipatzen dira, eta ondasun publikoen edo espazio publikoetan dauden instalazioen babesa, pintadak egiteko debekua, zuhaitz, landare eta parkeen babesa eta paperontzien zein iturrien erabilera zuzena arautzen dira.
Arau-hausteak arinak, larriak eta hagitz larriak bezala sailkatu ditu Udalak, eta horietatik hasita, isunak aurreikusi dira. Egindako arau-haustearen araberakoak dira. Arau-hauste arina egin dutenek 60 eurotik 750 eurora bitarteko isuna jasoko dute; larriek 750 eurotik 1.500 eurorainoko isuna eta hagitz larriei 1.500 eurotik 3.000 eurorainokoa –kasu honetan, batzuetan 601 eurotik 2.055 eurorainoko isuna aurreikusi da–. Dena den, aipatu, herriaren edo ingurumenaren alde lan egin beharko luketela araua hautsi dutenek, eta horren ordez, hartuko diren azken neurriak izanen dira isunak. Guztiaren gainetik, auzia elkarrizketa bidez konpontzen saiatuko direla ere adierazi du Udalak.