Urtea akitu aitzinetik hainbat obra eginen dira Beintza-Labaienen. Horietatik batzuk dagoeneko egin dira eta bertze batzuk egun hauetako batean akituko dira.
Batetik, Herriko Etxean konponketak egin dira. Teilatua egoera txarrean zegoen eta berritu behar izan dute. Horrez gain, udal bulegoetan berokuntza-sistema ere paratu dute. Azaroaren erdialdera akitu zituzten lanak eta guztira 52.000 euro inguruko aurrekontua izan dute. Nafarroako Gobernuak lanak subentzionatzeko %60ko dirulaguntza emanen du.
Bestalde, Beintzan plazari estalkia paratzen ari dira. Egurrezko teilatua egiten ari dira eta lanak egun hauetako batean akitzea espero da. Lan hauen aurrekontua 116.000 eurokoa da eta horren %70a Gobernuak bideratuko du.