Medikuen zerbitzuan duten gabeziarekin kezkaturik daude Malerreka eta Bertizaranan eta horri aterabidea emateko eskatuz Maria Kutz Nafarroako Gobernuko osasun kontseilariaren ondokoarekin bildu ziren abenduaren 12an Malerreka eta Bertizaranako bederatzi udalerritako alkateak. Ezkurra, Eratsun, Saldias, Beintza-Labaien, Urrotz, Zubieta, Ituren, Sunbilla eta Bertizaranako Udalak izan ziren zerbitzua bermatzeko exijitu zutenak.
Izan ere, aspaldion mediku eskasiagatik zenbait egunez herrietako kontsultak itxi egiten dituzte, eta gaixoek Doneztebera joan behar dute. Horretarako, saldiastarren kasuan, 17 kilometro egin behar dituzte; Ezkurra eta Eratsungoek gehiago, 18 kilometro inguru. Arazoa, beraz, ageriko da.
Hiru puntuko akordioa
Azaroaren 27an Malerrekako herritarrei arazoaren berri emateko bilkura egin zen Iturenen. Administrazioak aterabiderik eman ezean, arazoak okerrera eginen duela nabarmendu zen. Hiru puntuko akordio batera ere ailegatu ziren: batetik, eskualdeko udal guztiei herrietan bilkurak egiteko eskatu; bertzetik, zonaldeko guztiak bildu eta ahobatezko jarrera adostu; azkenik, herritarren kexak bildu eta administrazioarengana jo zerbitzuaren murrizketarekin kexatuz eta arazo larri honi irtenbidea emateko eskatuz.
Horiek guztiak mahaigaineratu zituzten hilaren 12an Osasun sailarekin egindako bilkuran.