Sentsibilizazio Astearen barne, hainbat ekitaldi larunbatera bitartean

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 16a

Larunbatean banatuko dira inmigrazioari buruzko ipuin lehiaketako sariak Iturenen

Joan den larunbataz geroztik, etorkinekiko sentsibilizazioa lantzeko helburuarekin, hainbat ekitaldi egiten ari dira Donezteben. Sentsibilizazio Astea deitu duten ekimen hau Malerrekako Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Doneztebeko Gazte Burrunba Gazte Taldeak antolatu dute, Inmigrazio Programaren barne.

Hitzaldiak, dokumentalak, ipuin kontalariak, munduko platerak... Larunbata bitarte, inmigrazioarekin lotutako ekimen desberdinak izanen dira. Horietako batzuk pasatuak dira, joan den abenduaren 13an, Santaluzia feriaren baitan egin zen munduko plateren erakusketaren kasu. Baina oraindik badago zer ikusi eta zer ikasi. Ekitaldi gehienak Donezteben izanen dira, azkena izanen ezik. Hau Iturenen izanen da. Asteazken honetan, abenduak 17, Sahara no se vende dokumentala ikusteko aukera izanen da, eta ondotik solasaldia izenen da dokumentalaren zuzendarietako batekin. Zineman izanen da, 19:00etan. Ortzegunean, abenduak 18, Emakume internazionalistak taldeko Begoña Zabalarekin solasaldia eginen da. 19:00etan hasiko da Zineman eta Zer suposatzen du etorkina eta emakumea izateak? gaia landuko da. Ortziralean, abenduak 19, bi film ikusteko aukera izanen da 18:00etatik aitzinera Zineman: La valla de la vergüenza eta Despiertas.

Ipuin lehiaketako sari banaketa Iturenen

Larunbat honetan, hilak 20, emanen zaio akabera Sentsibilizazio Asteari. 17:00etatik aitzinera munduko ipuinei buruz ariko da Izaskun Mujika, Herriko Etxean.
Ondotik, berriz, Malerrekako inmigrazioari buruzko Ipuin Lehiaketako sari banaketa eta merienda eginen dira. Aipatzekoa da, inmigrazioari buruzko Ipuin, Elkarrizketa eta Argazki lehiaketan, ipuinen alorra bakarrik atera dela aitzinera, ez delakoz ez elkarrizketarik eta ez argazkirik aurkeztu. Hasiera batean, sari banaketa hilaren 13an Donezteben egitekoa zen, baina tokiz eta egunez aldatu dute. Alde batetik, egun horretan pailazoen ikuskizuna egitekoa zelako Donezteben eta bertzetik, Doneztebeko eskolakoek ez delako lan bat bera ere aurkeztu.
Sunbilla, Ituren, Legasa, Beintza-Labaien eta Narbarteko eskoletako 50 neska-mutikok hartu dute parte ipuin lehiaketan eta horietako batzuk sarituak izanen dira larunbatean Iturenen.
Hamabi sari banatuko dira 6 urtetik 12 urte arte dituzten gaztetxoen artean, sei 6-9 urtekoetan eta bertze sei 9-12 urtekoetan. Lehen hiru sailkatuek joko bana jasoko dute eta hurrengo seiek ipuinak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun