Urteko azkeneko hilabetean atera du Nafarroako Gobernuak 2008ko dirulaguntza eskatzeko deialdia

TTIPI TTAPA 2008ko abenduaren 16a

Hasieran 310.000 euro agindu arren, azkenean 240.000 euro banatuko ditu

Euskarazko hedabideendako diru saila desblokeatu du Nafarroako Gobernuak eta horrela, hedabideek aurreikusitakoa baino 70.000 euro guttiago jasoko dituzte; guztira, 240.000 euro. Baina artean konpondu gabe segitzen du euskarazko hedabide aunitzek aitzinera segitzeko duten arazoak. Hala, arazoa mahai gainean jarri eta hitz egiteko prest daudela adierazi diote hedabideek Gobernuari. Manifestu bat ere sinatu dute, euren kezka eta beharrak adieraziz.

«Azkenean banatuko dena, nahikoa izatetik oso urrun dago», dio manifestuak. Izan ere, 240.000 euroko poltsatik, %75 inguru izanen da euskarazko hedabideentzat, euren aurrekontu osoaren %6,6. Aldi berean, dirulaguntzekin gertatu dena «onartezina» dela iritzi diote: «urte hasieran diru kopuru bat iragarri, hil batzuk geroago kopuru hori zerora murriztu, azkenean iragarritakoaren %77 banatzeko». Hedabideen egunerokotasuna kolokan jarri izana «errespetu falta haundia» dela ere salatu dute.

Egoera honetan, hedabideek euskararen normalizazioari ekarpen haundia egiten diotela-eta, eguneroko lana «lasaitasun eta duintasun» baldintza minimoetan garatzeko hitzarmena eskatu diote Gobernuari. «Elkarlanean aritzea da ataka honetatik atera eta alde biotarako onargarria ez ezik onuragarria ere izan daitekeen akordio batera iristeko bide bakarra».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun